1 Israeldarrek zerbitzaldia egin ohi zuten erregearen gudarostean. Hona hemen milako eta ehuneko gudari-taldeen buruzagi eta ofizialen zerrenda; erregearen zerbitzura zeuden hauek gudari-taldeen eginkizun guztietan. Gudari-talde bakoitza hogeita lau mila gizonekoa zen, eta urte osoan hilabete banako zerbitzaldiak egin ohi zituzten.
2 Hogeita lau mila gizoneko lehen taldearen buruzagia Zabdielen seme Jaxobeam zen,
3 Peretzen ondorengoetakoa; bera zen gudarosteko ofizial guztien buru lehen hilabetean.
4 Bigarren hilabetean bigarren taldearen buruzagia Dodai zen, ahohitarra; Miklot ere buruzagi zen talde hartan.
5 Hirugarren hilabetean hirugarren taldearen buruzagia Benaias zen, Joiada apaiz nagusiaren semea.
6 Benaias hau hogeita hamar gudari adoretsuetako bat izan zen eta beraien buruzagi. Bere taldekoa zuen bere seme Amizabad ere.
7 Laugarren hilabetean laugarren taldearen buruzagia Joaben anaia Asahel zen, eta gero beraren seme Zebadias.