4 «Jaunak, Israelen Jainkoak, hala ere, ni hautatu ninduen senitarte osotik, Israelgo errege izan nendin betikotasunean; izan ere, Judaren leinua aukeratu zuen gidari izateko, eta Judaren leinuan gure aitaren senitartea, eta gure aitaren semeen artetik ni jo ninduen begiz, Israel osoaren errege izateko.
5 Jaunak seme asko eman dit, eta denen artetik ene seme Salomon hautatu du, Jaunaren izenean Israelgo errege izateko.
6 «Eta hau esan zidan Jaunak: “Zure seme Salomonek eraikiko dit tenplua, bere atari eta guzti, nik aukeratua baita. Seme izango dut nik bera eta aita izango nau berak ni.
7 Betiko sendotuko diot erregetza, baldin eta nire agindu eta erabakiak betetzeko eginahalak egiten baditu”.
8 «Orain, beraz, Jaunaren biltzarra den Israel osoaren begi aurrean, eta Jainkoak entzuten digularik, hau diotsuet: Gorde eta ikertu Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak oro, lurralde eder honetan iraun dezazuen eta zuen ondorengoei ondaretzat utz diezaiezuen betiko.
9 «Zu, berriz, Salomon, ene seme hori, saia zaitez zeure aitaren Jainkoa ezagutzen; zerbitzatu bera bihotz osoz eta gogo handiz. Bihotz guztiak aztertzen ditu Jaunak, eta badaki nolakoak diren giza gogoetak. Haren bila ibiltzen bazara, utziko dizu bera aurkitzen; baztertzen baduzu, ordea, betiko arbuiatuko zaitu.
10 Begira, santutegi izango duen tenplua eraikitzeko aukeratu zaitu Jaunak. Izan adore eta ekin lanari!»