5 Jaunak seme asko eman dit, eta denen artetik ene seme Salomon hautatu du, Jaunaren izenean Israelgo errege izateko.
6 «Eta hau esan zidan Jaunak: “Zure seme Salomonek eraikiko dit tenplua, bere atari eta guzti, nik aukeratua baita. Seme izango dut nik bera eta aita izango nau berak ni.
7 Betiko sendotuko diot erregetza, baldin eta nire agindu eta erabakiak betetzeko eginahalak egiten baditu”.
8 «Orain, beraz, Jaunaren biltzarra den Israel osoaren begi aurrean, eta Jainkoak entzuten digularik, hau diotsuet: Gorde eta ikertu Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak oro, lurralde eder honetan iraun dezazuen eta zuen ondorengoei ondaretzat utz diezaiezuen betiko.
9 «Zu, berriz, Salomon, ene seme hori, saia zaitez zeure aitaren Jainkoa ezagutzen; zerbitzatu bera bihotz osoz eta gogo handiz. Bihotz guztiak aztertzen ditu Jaunak, eta badaki nolakoak diren giza gogoetak. Haren bila ibiltzen bazara, utziko dizu bera aurkitzen; baztertzen baduzu, ordea, betiko arbuiatuko zaitu.
10 Begira, santutegi izango duen tenplua eraikitzeko aukeratu zaitu Jaunak. Izan adore eta ekin lanari!»
11 Davidek bere seme Salomoni tenplua eraikitzeko planoa eman zion: ataria eta itun-kutxaren gela, biltegiak, goiko eta barneko gelak nola egin adieraziz.