Epaileak 1 EABD

EGOERA (1,1—3,6)

Juda eta Simeonen leinuek kanaandarrei eraso

1 Josue hil zenean, israeldarrek kontsulta egin zioten Jaunari:—Gure leinuetarik zein igoko da lehena kanaandarrei erasotzera?

2 Jaunak erantzun zuen:—Judaren leinua igoko da, beronen esku utzia baitut lurralde hori.

3 Orduan, Judaren leinukoek esan zieten Simeonen leinuko beren senideei:—Zatozte gurekin Jainkoak guretzat izendatu duen lurraldera eta eraso diezaiegun kanaandarrei. Gero, zuei izendatu dizuenera joango gara gu zuekin.Eta hala, simeondarrak haiekin joan ziren.

4 Judaren leinukoek, beraz, eraso zuten eta Jaunak eskura eman zizkien kanaandarrak eta periztarrak. Hamar mila gizon hil zizkieten Bezeken.

5 Bertan Adoni-Bezek zeritzan erregea aurkitu eta eraso egin zioten hari ere.Kanaandarrak eta periztarrak garaitu zituztela ikustean,

6 Adoni-Bezek ihesi abiatu zen; baina judatarrek, atzetik joan, harrapatu eta esku-oinetako behatz lodiak ebaki zizkioten.

7 Adoni-Bezekek esan zuen: «Esku-oinetako behatz lodiak ebaki nizkien hirurogeita hamar erregeek nire mahaipeko apurrak bildu behar izan zituzten. Neuk egindakoaren ordaina eman dit orain Jainkoak».Jerusalemera eraman zuten eta bertan hil zen.

Judaren leinua Jerusalemez eta Hebronez jabetu

8 Judaren leinukoek Jerusalemi eraso eta hartu egin zuten, eta bertan bizi zirenak ezpataz hil eta hiriari su eman.

9 Ondoren, judatarrek mendialdean, Negeven eta Xefela lautadan bizi ziren kanaandarren kontra jo zuten.

10 Hebron hirian bizi ziren kanaandarren kontra ere jo zuten judatarrek —antzina Hebron hiriari Kiriat-Arba deitu ohi zioten—, eta Xexai, Ahiman eta Talmai menderatu zituzten.

Otniel, Debir hiriaz jabetu

11 Handik, Debir hiriko bizilagunen kontra joan ziren judatarrak —ordu arte Debir hiriari Kiriat-Sefer deitzen zioten—.

12 Kalebek esan zuen: «Kiriat-Seferri eraso eta har dezanari neure alaba Aksa emanen diot emaztetzat».

13 Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteenak, Otnielek, hartu zuen hiria, eta Kalebek bere alaba Aksa eman zion emaztetzat.

14 Neska heldu zenean, bere aitari lursail bat eskatzera bultzatu zuen Otnielek. Neska asto gainetik jaistean, galdetu zion aitak:—Zer nahi dun?

15 Aksak erantzun:—Egidazu beste erregalu bat. Eman didazun lurra elkorra da; emazkidazu urtegiak ere.Orduan, goiko eta beheko urtegiak eman zizkion Kalebek.

Juda eta Benjaminen leinuen garaipena

16 Moisesen aitaginarreba izandako kendar haren ondorengoak, judatarrekin batera, Palmondoen Hiritik Judako basamortura, Aradeko hegoaldera, joan eta bertako jendearekin bizi izan ziren.

17 Judatarrek Simeonen leinuko beren senideekin joan eta Tzefat hirian bizi ziren kanaandarrak garaitu zituzten eta hiria erabat suntsitu. Horma deitu zioten hiriari, hau da, «Suntsipen».

18 Judatarrak Gaza, Axkelon, Ekron eta berauen lurraldeez jabetu ziren.

19 Judaren alde zen Jauna; horregatik, mendialdeaz jabetu ahal izan ziren. Baina lautadako jendea ezin izan zuten bota, jende hark burdinazko guda-gurdiak zituelako.

20 Moisesek esan bezala, Kalebi eman zioten Hebron, eta hark bota egin zituen handik Anaken ondorengo hiru senitarteetakoak.

21 Benjamindarrek, aldiz, ez zituzten Jerusalemgo jebustarrak bota; horregatik, jebustarrak Jerusalemen bizi ahal izan dira benjamindarrekin batera gaurdaino.

Joseren ondorengoak Betelez jabetu

22 Joseren leinukoak Betel hiriaren kontra abiatu ziren, Jauna lagun zutela,

23 eta ikerketa egin zuten bertan —antzina hiri hark Luz zuen izena—.

24 Hiritik kanpora zetorren gizon bat ikusirik, ikertzaileek esan zioten: «Erakuts iezaguzu nondik sartzen den hirira eta ongi tratatuko zaitugu».

25 Gizonak erakutsi egin zien nondik sartzen zen hirira. Orduan, hiriko guztiak hil zituzten ezpataz, gizon hura eta beraren senitartekoak izan ezik.

26 Gizon hark, berriz, hititen lurraldera joan eta hiri bat eraiki zuen; Luz izena eman zion eta hala deritza gaurdaino.

Israeldarrek ezin bota izan zituzten jentil-herriak

27 Manasesen leinukoek ezin izan zituzten hartu Bet-Xan, Taanak, Dor, Ibleam eta Megido hiriak, ezta haien inguruak, ez bizilagunak ere; kanaandarrek jarraitu zuten bertan bizitzen.

28 Alabaina, israeldarrek, indartsuago egin zirenean, lanera behartu zituzten kanaandarrak, bertatik ezin bota izan zituzten arren.

29 Efraimen leinukoek ezin izan zituzten bota Gezerko kanaandarrak; horregatik, kanaandarrak efraimdarren artean bizi izan ziren Gezerren.

30 Zabulonen leinukoek ezin izan zituzten bota Kitron eta Nahalol hirietako bizilagunak. Kanaandarrak zabulondarren artean bizi izan ziren, baina lanera behartuak.

31 Axerren leinukoek ezin izan zituzten bota Ako, Sidon, Ahlab, Akzib, Helba, Afik eta Rehobeko bizilagunak,

32 eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren axertarrak, ezin izan baitzituzten handik bota.

33 Neftaliren leinukoek ezin izan zituzten bota Bet-Xemex eta Bet-Anat hirietako bizilagunak, eta lurralde hartako kanaandarren artean bizi izan ziren; alabaina, lanera behartu zituzten hiri haietakoak.

34 Amortarrek mendialdera bultzatu zituzten Danen leinukoak, lautadara jaisten utzi gabe.

35 Har-Heres, Aialon eta Xaalbim hirietan bizitzen jarraitu zuten amortarrek; baina Joseren ondorengoek, indartsu egitean, lanera behartu zituzten.

36 Amortarren lurraldea Akrabimerako aldapatik, Selatik, gorantz hedatzen zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21