Epaileak 21 EABD

Benjaminen leinua berpiztu

1 Israelgo gizonek, Mitzpan bildurik, zin hau egina zuten: «Inork ere ez die bere alabarik emaztetzat emango benjamindarrei».

2 Egun batez, israeldarrak Betelen bildu eta han egon ziren Jainkoaren aitzinean, oihuka eta zotinka negarrez,

3 ziotela: «Jauna, Israelen Jainkoa, zergatik gertatu da hori Israelen? Zergatik galdu da leinu bat?»

4 Biharamunean, herriak, goiz jaikirik, aldarea egin eta erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituen.

5 Israeldarrek galdetzen zuten: «Israelgo leinuetatik zein da Jaunaren aitzinean egiten ari garen biltzarrera etorri ez dena?» Izan ere, zin handia egina zuten, hil egingo zutela Mitzpara, Jaunaren aurreko biltzarrera, joan ez zedina.

6 Israeldarrak errukitu egin zitzaizkien beren senide benjamindarrei eta esan zuten: «Israelgo leinu bat galdu da.

7 Zer egin dezakegu bizirik gelditu direnentzat emazteren batzuk inguratzeko? Izan ere, Jaunarengatik zin egin dugu ez diegula geure alabarik emango emaztetarako».

8 Israelgo leinu guztiak, Jaunaren aitzinean Mitzpan egiten ari ziren biltzar hartara talderen bat etorri gabe gelditu ote zen galdetu zutenean, ohartu ziren Galaadeko Jabexetik ez zela inor ere etorri batzarrera.

9 Izan ere, jendea zenbatu zutenean, ikusi zuten han ez zela Galaadeko Jabexeko inor ere.

10 Orduan, batzarrak hamabi mila gudaririk ausartenak hiri hartara bidali zituen, agindu hau emanik: «Hil ezpataz Galaadeko Jabexeko bizilagun guztiak, baita emakume eta haurrak ere.

11 Suntsitu gizasemeak eta gizasemeekin harremanik izan duten emakume guztiak. Baina utzi bizirik neskatxa birjinak». Eta halaxe egin zuten.

12 Galaadeko Jabexen bizi zirenen artean laurehun neskatxa birjina, gizasemerekin harremanik izan gabeak, aurkitu zituzten eta Kanaanen dagoen Xiloko kanpalekura eraman.

13 Gero, batzar osoak mandatariak igorri zizkien Rimon harkaitzean gorderik zeuden benjamindarrei, bakea eskainiz.

14 Eta benjamindarrak itzuli zirenean, Galaadeko Jabexen bizirik gelditutako neska haiek eman zizkieten; baina ez ziren aski izan.

15 Herria errukitu egin zitzaien benjamindarrei, Jaunak Israelgo leinuen artean halako hutsunea egin zuelako.

16 Eta israeldarren arduradunek galdetu zuten: «Zer egin dezakegu emazterik gabe gelditu direnen alde, benjamindarren artean emakume guztiak galdu baitira?

17 Bizirik irauteko era aurkitu behar diegu benjamindarrei, ezin baita galdu Israelgo leinuetako bat.

18 Baina ezin diegu geure alabarik eman emaztetzat, israeldarrok zin egin baitugu benjamindarrei emaztea eman diezaiona madarikatua izango dela».

19 Orduan, esan zuten: «Horra, Jaunaren urteroko jaia da Xilon». Beteldik iparraldera dago Xilo, Lebonatik hegoaldera, Beteldik Sikemera doan bideaz ekialdera.

20 Eta agindu hau eman zieten benjamindarrei: «Gorde zaitezte Xiloko mahastietan.

21 Eta Xiloko neskak taldeka dantzari ateratzen ikustean, irten zuek mahastietatik eta harrapatu neska horien artetik nork beretzako emaztea. Alde egin gero zeuen lurraldera.

22 Eta neska horien aitarik nahiz nebarik protestaka etortzen bazaigu, esango diogu: “Barka iezaiezue, ezin izan baikenuen bakoitzarentzat emazte bana hartu gudaldian, eta zuek ezin zenizkieten zeuen gogoz eman, errudun izango zinateketen eta”».

23 Halaxe egin zuten benjamindarrek: dantzan ari ziren neska haietatik behar zituztenak hartu eta beren lurraldera itzuli ziren. Ondoren, hiriak eraiki eta bertan bizi izan ziren.

24 Orduan, israeldarrak ere Beteldik atera eta nor bere lurraldera joan ziren, nor bere leinu eta senitartekoengana.

25 Aldi haietan ez zen erregerik Israelen. Bakoitzak egoki iruditzen zitzaiona egin ohi zuen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21