Epaileak 15 EABD

Samsonen mendekua

1 Aldi baten buruan, gariak igitatzeko aroan, Samson bere emaztea bisitatzera joan zen, antxume bat eramanez. Hau zioen:—Neure emazteagana noa logelara.Aitaginarrebak, ordea, ez zion sartzen utzi,

2 esanez:—Benetan gorroto zeniola uste nuen eta zure adiskideari eman nion emaztetzat. Hori baino hobea duzu ahizpa gaztea. Hartzazu zeuretzat, bestearen ordez.

3 Samsonek ihardetsi zion:—Oraingoan errugabea izango naiz filistearrei egingo diedan kalteaz.

4 Orduan, hirurehun azeri harrapatu eta isatsak bata bestearekin korapilaturik, lastargiak ezarri zizkien Samsonek korapilo bakoitzean.

5 Eman zien su eta bota zituen azeriak filistearren gari-soroetara. Denak hartu zuen su: gari-bala, gari-soro, mahasti eta olibadiek.

6 Orduan, filistearrek galdetu zuten:—Nork egin du hori?Erantzun zieten:—Samsonek, timnarraren suhiak, zeren eta hark Samsonen emaztea hartu eta beraren lagunari eman baitio.Orduan, filistearrek joan eta erre egin zituzten aita-alabak.

7 Samsonek esan zien:—Hori egin al duzue? Ba, nik ez dut etsiko zuei mendeku egin arte.

8 Astindu ederra eman zien eta sarraski handia egin. Ondoren, Etamgo haitzarteko leize-zulo batera jaitsi zen bizitzera.

Samson eta asto-matrailezurra

9 Filistearrek Judan jarri zuten kanpalekua. Gero, Lehi hiriari erasotzeko zabaldu egin ziren.

10 Judaren leinuko gizonek galdetu zuten:—Zer dela-eta erasotzen diguzue?Filistearrek erantzun zieten:—Samson atxilotzera etorri gara; egin diguna ordainaraztera.

11 Orduan, Judako hiru mila gizonek, Etamgo haitzarteko leize-zulora joan eta esan zioten Samsoni:—Ez al dakizu filistearren menpe gaudela? Zergatik jarri gaituzu egoera honetan?Samsonek erantzun zien:—Beraiek egin didatena egin diet nik.

12 Judakoek esan zioten:—Zu lotu eta filistearren esku uzteko asmoz etorri gatzaizkizu.Samsonek, orduan:—Egidazue zin ez nauzuela hilko.

13 Judakoek erantzun zioten:—Hil, ez zaitugu hilko; baina ongi lotu eta filistearren esku utzi, bai.Orduan, bi soka berriz lotu eta atera egin zuten haitzartetik.

14 Lehira heldu zenean, filistearrak bidera atera zitzaizkion, pozez oihuka. Baina Jaunaren espirituak Samson hartu zuelarik, suak erretako liho-hariak bezalako bihurtu ziren Samsoni besoak lotzen zizkioten sokak eta eten egin zitzaizkion eskuetako lokarriak.

15 Aurkitu zuen, orduan, hil berria zen asto baten matrailezurra, hartu eta mila gizon hil zituen Samsonek matrailezurraz.

16 Eta esan zuen:«Asto-matrailezurrazederki astindu ditut,asto-matrailezurrazmila gizon hil ditut».

17 Hori esanik, jaurti egin zuen matrailezurra, eta toki hari Ramat-Lehi izena ezarri zion.

18 Samsonek egarri handia sumatu zuen; Jaunari dei egin eta esan zion: «Garaipen handi hau eman ondoren, egarriak hiltzen utziko ote nauzu eta jentil arrotz horien esku erortzen?»

19 Orduan, Jainkoak Lehin dagoen zuloa ebaki zuen eta ura atera zen. Edan ondoren, arnasberritu eta indartu egin zen Samson. Iturri hari En-Kore izena ezarri zioten. Han dago Lehin gaur arte.

20 Samsonek hogei urtez gobernatu zuen Israel, filistearren garaian.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21