Epaileak 7 EABD

Hirurehun gizon garaipenerako

1 Jerubaalek —hots, Gedeonek— eta harekin zen jende guztiak, goizean goiz jaiki eta Harod iturri ondoan jarri zituzten oihal-etxolak. Madiandarrek iparraldera zuten kanpalekua, lautadan, More mendixkaren oinetan.

2 Jaunak esan zion Gedeoni: «Gudaroste handiegia dakarzu, madiandarrak zuri eskura nik emateko. Harrotu egingo litzaidake Israel, garaipena bere eskuz lortu duela pentsatuz.

3 Esaiozu jendeari: “Beldur-ikaraz dagoenak alde egin beza Galaad menditik eta itzul bedi etxera”».Hogeita bi mila gizon etxera itzuli eta hamar mila gelditu ziren.

4 Jaunak, ordea, esan zion Gedeoni: «Oraindik ere gehiegi dira. Jaitsarazi gizonak errekara eta han probatuko ditut. Neuk esanen dizut zeinek jarraituko duten zurekin eta zeinek alde egin beharko duten».

5 Gedeonek jendea errekara jaitsarazi zuenean, Jaunak esan zion: «Bereiz itzazu ura eskuan hartu eta zakurrek bezala miazkatuz edango dutenak, edateko belauniko jarriko direnengandik».

6 Hirurehun gizonek eraman zuten ura ahora eskuetan harturik; beste guztiak belaunikatu egin ziren ura edateko.

7 Jaunak esan zion Gedeoni: «Ura eskutik edan duten hirurehun gizon horien bidez salbatuko zaituztet, madiandarrak eskura emanez. Gainerako jendea doala nor bere etxera».

8 Gedeonek Israelgo gizon gehienak bidali zituen nor bere etxera, hirurehun haiekin bakarrik geldituz; hauek beren lagunen jakiak eta adarrak hartu zituzten. Madiandarren kanpalekua israeldarrena baino beherago zegoen, lautadan.

Seinale batek garaipena iragarri

9 Gau hartan Jaunak esan zion Gedeoni: «Jaiki eta jaits zaitez etsaien kanpalekura; eskura emanen dizkizut.

10 Joateko beldur bazara, hartu Pura zeure morroia eta joan biok kanpalekura.

11 Entzun han esaten ari direna, eta kemena hartuko duzu etsaiei erasotzeko».Jaitsi zen, beraz, Gedeon Pura bere morroiarekin kanpalekuko lehen gudari-taldeak zeuden ingurura.

12 Madiandarrak, amalektarrak eta basamortuko jendea, larrapoteak bezain ugari, lurrean etzanak zeuden; haien gameluak ere zenbatu ezin hainbat ziren, itsasertzeko hondarra bezain ugari.

13 Gedeon etsaien kanpalekura hurbildu zenean, gudari bat bere ametsa kontatzen ari zitzaion lagunari:—Amets egin dut, garagar-ogi bat biribilka zihoala madiandarren kanpalekuan barrena; oihal-etxola batera heltzean, jo eta irauli egin du, eta oihal-etxola azpikoz gora erori da.

14 Lagunak erantzun zion:—Joaxen seme Gedeon israeldarraren ezpata da hori. Madiandarrok eta gure kanpaleku osoa horren esku utzi ditu Jainkoak.

15 Ametsa eta esanahia entzun zituenean, Gedeonek, makurtuz, Jainkoa gurtu zuen. Gero, israeldarren kanpalekura itzuli zen oihuka:—Jaiki! Gure esku utzi du Jaunak madiandarren kanpalekua!

Gedeonen amarrua edo engainabidea

16 Gedeonek hiru taldetan banatu zituen hirurehun gizonak eta, adarrak eta barruan lastargiak zeuzkaten pegar hutsak emanik,

17 esan zien:—Ni kanpaleku-ertzera heltzean, begira niri eta egin nik egingo dudana.

18 Nik eta nire taldeak adarrak jotzean, jo zuek ere kanpalekuaren inguru guztian eta egin oihu: «Jaunarengatik! Gedeonengatik!»

19 Gauerdi inguruan, zaintzaileak aldatu berri zirelarik, heldu zen Gedeon bere ehun gizonekin kanpaleku ondora, eta adarrak jotzen eta eskuetan zeramatzaten pegarrak hausten hasi ziren.

20 Orduan, hiru gudari-taldeek ere adarrak jo eta pegarrak hautsi zituzten. Gero, lastargia ezkerrean eta adarra eskuinean zeramatzatela, oihu egin zuten: «Eraso! Jaunarengatik eta Gedeonengatik!»

21 Israeldarrak kanpaleku inguruan nor bere tokian zeudelarik, kanpalekukoak lasterka, garrasika eta iheska hasi ziren.

22 Hirurehun haiek adarrak jotzen ari ziren bitartean, elkarren kontra borrokarazi zituen Jaunak madiandarrak. Orduan, kanpalekuko guztiek ihes egin zuten Bet-Xitara, Tzereda aldera, eta Abel-Mehola erreka bazterrera, Tabat ondora.

Madiandarrak ihesi

23 Neftali, Axer eta Manases leinuetako israeldarrak bildurik, madiandarren atzetik joan ziren.

24 Gedeonek mezulariak bidali zituen Efraimen leinua bizi zen mendietara, esatera: «Jaitsi eta egin aurre madiandarrei! Har itzazue haiek baino lehen Jordan ibaia igarotzeko ibiak Bet-Bararaino!»Efraimen leinuko gizon guztiek bildu eta hartu zituzten Jordan ibaia igarotzeko ibiak Bet-Bararaino.

25 Bi buruzagi madiandar atzeman zituzten: Oreb eta Zeeb. Eta biak, lehenengoa Oreben haitza deritzan tokian eta bigarrena Zeeben dolarea deritzan tokian hil ondoren, madiandarren atzetik joan ziren. Azkenean, Gedeoni eraman zizkioten Oreben eta Zeeben buruak, Jordanez beste aldetik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21