Epaileak 19 EABD

BENJAMINEN LEINUA (19,1—21,25)

Gibeako bizilagunen gaiztakeria

1 Israelen erregerik ez zen aldi haietan, Efraimgo mendialde urrutienean bizi zen lebitar batek Judako Belengo emakume bat hartu zuen ohaidetzat.

2 Baina, haserreturik, ohaideak alde egin zion gizonari bere aitarenera, Judako Belenera, eta bertan gelditu lau hilabetez.

3 Azkenean, senarra bertara joan zitzaion, hunkigarriro hitz eginez itzularazteko asmoz. Berekin zeramatzan lebitarrak morroi bat eta bi asto.Neskak etxean sarrarazi zuen; neskaren aitak ere, ikustean, poz handiz egin zion ongietorria.

4 Aitaginarrebak, neskaren aitak, etxean geldiarazi zuen eta bertan egon zen hiru egunez. Jan, edan eta bertan ematen zuten gaua.

5 Laugarren egunean, goizean goiz jaiki eta abiatzeko prestatu ziren. Neskaren aitak, ordea, esan zion suhiari:—Jan zerbait lehenbizi, indarrak hartzeko, eta joango zarete gero.

6 Jarri ziren, beraz, eta jan eta edan zuten biek elkarrekin. Gero, neskaren aitak esan zion:—Igaro ezazu, arren, beste gau bat hemen eta alai zaitez.

7 Lebitarra, ordea, jaiki egin zen abiatzeko. Baina aitaginarreba esan eta esan ari zitzaionez, bertan gelditu zen beste gau batez.

8 Bosgarren egunean, jaiki zen goizean goiz abiatzeko asmoz, baina neskaren aitak esan zion berriro:—Hartu indarrak. Geldi zaitezte ilunabarra arte.Eta biek jan zuten.

9 Jaiki zen, orduan, lebitarra bere ohaide eta morroiarekin batera abiatzeko, baina aitaginarrebak esan zion:—Arratsaldea da; laster ilunduko du. Eman ezazue gaua hemen, egon lasai. Bihar, goizean goiz, joango zarete etxera.

10 Lebitarrak, ordea, ez zuen gaua han eman nahi izan eta, bi asto txalmatu eta ohaidea harturik, abiatu egin zen eta Jebus, hau da, Jerusalem, begiztatzera iritsi.

11 Jebus ondora heldu zireneko, ilunabarra zen. Morroiak esan zion nagusiari:—Tira, jo dezagun jebustarren hiri horretara; eman dezakegu bertan gaua.

12 Nagusiak ihardetsi zion:—Ez gara israeldarrik bizi ez den hiri arrotz batera joango; Gibearaino joango gara.

13 Gero, esan zion:—Tira, jo dezagun beste herri horietakoren batera; Gibean nahiz Raman emango dugu gaua.

14 Horrela, beraz, aurrera egin zuten bidean. Benjaminen dagoen Gibea herritik hurbil zirelarik, gorde egin zen eguzkia.

15 Bidea utzi eta Gibeara joan ziren gaua igarotzera. Herrian sartu eta plazan gelditu ziren; baina ez zien inork ostaturik eman bere etxean gaua igarotzeko.

16 Arratsean, horra non datorren gizon zahar bat soroko lanetik. Bera ere Efraimgo mendialdekoa zen, baina Gibean bizi zen etorkin gisa, bertako benjamindarren artean.

17 Begiak altxatu eta lebitar bidaiaria herriko plazan ikustean, galdetu zion zaharrak:—Nondik nora zabiltza?

18 Lebitarrak erantzun:—Judako Belendik gatoz eta Efraimgo mendialdera noa, hangoa bainaiz. Judako Belenera etorri nintzen eta berriro etxera noa. Herri honetan ez nau inork ere hartu nahi izan bere etxean.

19 Baina badugu lastoa eta belarra astoentzat, baita ogia eta ardoa ere neure ohaide, morroi eta hirurontzat. Ez dugu deus ere falta.

20 Hala ere, gizon zaharrak esan zien:—Bakea zurekin! Neuk emanen dizut falta duzun guztia. Ez gelditu, behintzat, plazan gauez.

21 Orduan, bere etxera eraman zuen. Eman zien belarra astoei eta, oinak garbitu ondoren, jan eta edan egin zuten.

22 Denak pozik zeudelarik, hona non agertzen diren gizonak, gizon gaizkile halakoak; etxea inguratu eta ate-joka hasi ziren, etxeko jabea zen gizon zaharrari esanez:—Atera ezazu zure etxean sartu den gizon hori, bortxatu egin nahi dugu eta!

23 Etxeko jabeak ihardetsi zien:—Ez, ene anaiok; ez egin halako itsuskeriarik. Neuk eman diot ostatu; ez egin halako zitalkeriarik.

24 Hemen daude neure alaba, birjina oraindik, eta gizon honen ohaidea; biak aterako dizkizuet. Bortxa itzazue eta egiezue nahi duzuena, baina gizon honi ez egin halako zitalkeriarik.

25 Gizon haiek, ordea, ez zioten kasurik egin. Orduan, lebitarrak bere ohaidea atera zien kanpora, eta haiek gau osoan ari izan ziren emakumea bortxatzen eta eguna argitzean utzi zuten.

26 Egunsentian, bere senarrari ostatu eman zion gizonaren etxera itzuli zen emakumea, baina ate ondoan eroria gelditu zen eguna argitu zuen arte.

27 Lebitarrak, goizean goiz jaiki eta bideari ekiteko atea ireki zuenean, han aurkitu zuen bere ohaidea, etxeko atarian eroria, eskuak atondoan zituela.

28 Gizonak esan zion:—Jaiki eta goazen.Baina ez zuen erantzunik izan. Orduan, jaso zuen asto gainera gorpua eta bere lurralderantz abiatu zen lebitarra.

29 Etxera heldurik, labana hartu eta hamabi puskatan zatikatu zuen emakumearen gorpua eta Israelgo lurralde guztietara bidali zituen puskak.

30 Hori ikusi zutenek esan zuten: «Ez da horrelakorik gertatu, ezta ikusi ere inoiz, israeldarrak Egiptotik igo zirenez geroztik gaur arte. Pentsa ezazue honetaz, eztabaidatu eta erabaki».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21