Epaileak 14 EABD

Samsonen ezteiak

1 Behinola, Timnara jaitsi eta begiz jo zuen Samsonek emakume filistear bat.

2 Etxera itzuli zenean, berria eman zien aita-amei, esanez:—Emakume filistear bat jo dut begiz Timnan. Har iezadazue emaztetarako.

3 Gurasoek galdetu zioten:—Ez al da gure ahaideen artean eta gure herrian emakumerik, filistear jentil arrotz horiengana emazte bila joan gabe?Samsonek ihardetsi zion aitari:—Huraxe dut, baina, atsegin. Hartzazu niretzat.

4 Gurasoek ez zekiten Jaunaren gauza zenik. Aldi hartan filistearrek menderatua zuten Israel eta Jauna egokiera bila zebilen filistearrak zigortzeko.

5 Horrela, bada, Samson Timnara abiatu zen bere aita-amekin. Timnako mahastietara heldu zirelarik, lehoi gazte bat atera zitzaion Samsoni orroka.

6 Jaunaren espirituak harturik, Samsonek, eskuetan deus ere ez zuen arren, zatikatu egin zuen lehoia, antxumea zatikatu ohi den bezala. Baina ez zien esan gurasoei zer egin zuen.

7 Ondoren, neskarekin mintzatzera joan zen eta oso atsegin gertatu zitzaion.

8 Egun batzuen buruan, emaztea hartzeko Timnara itzultzean, bidea utzi eta lehoiaren gorpua ikustera joan zen. Eta hara non ikusten duen erle-multzo bat lehoiaren hezur tartean, bere ezti eta guzti.

9 Eztia eskuan hartu eta bidean janez joan zen aita-amengana; eman zien eztia eta jan zuten haiek ere. Baina ez zien esan ezti hura lehoiaren hezur artetik hartua zuenik.

10 Samsonen aita neskaren etxera joan zen, eta Samsonek eztei-otordua eman zuen, gazteek ohi dutenez.

11 Filistearrek, Samson ikustean, hogeita hamar gazte bidali zizkioten lagun egitera.

12 Samsonek esan zien:—Igarkizun bat esan behar dizuet. Eztei-otorduko zazpi egunen barruan asmatu eta aditzera ematen badidazue, soineko eta soingaineko bana emango dizkizuet.

13 Bestela, zuek eman beharko dizkidazue hogeita hamar soineko eta beste horrenbeste soingaineko.Haiek erantzun zioten:—Esan igarkizuna, entzungo dizugu.

14 Samsonek, orduan:«Jaten duenarengandik jatekoa,indartsuarengandik gozoa».Hiru egun igaro eta asmatu ezinik zebiltzan.

15 Laugarren egunean, esan zioten Samsonen emazteari:—Atera iezaiozu azpikeriaz senarrari igarkizunak zer esan nahi duen; bestela, su emango dizugu, baita zuen aitaren etxeari ere. Guri lapurtzeko asmoz gonbidatu al gaituzue?

16 Emaztea negarrez hasi zitzaion Samsoni, esanez:—Ez nauzu batere maite! Gorrotoa didazu! Nire herritarrei igarkizuna ipini eta niri ez didazu adierazi zer esan nahi duen.Samsonek ihardetsi zion:—Ez diet adierazi neure gurasoei ere eta zuri adieraziko dizut!

17 Eztei-otorduko zazpi egunetan emaztea negarrez ari izan zitzaion. Azkenean, nazkatu zuen eta Samsonek aditzera eman behar izan zion. Emazteak berehala bere herritarrei jakinarazi zien.

18 Eta hiriko jendeak, zazpigarren egun hartan, ilunabarra baino lehen, esan zion Samsoni:«Zer eztia baino gozoagorik?Zer lehoia baino indartsuagorik?»Samsonek erantzun zien:«Nire bigantxarekingoldatu ez bazenute,ez zenuketen inoiz ere asmatuko».

19 Orduan, Jaunaren espirituak eraginik, Axkelon hirira joan, hogeita hamar gizon hil eta haien hondakinak harturik, igarkizuna asmatu zutenei eman zizkien soingainekoak. Gero, aitaren etxera itzuli zen haserre bizitan.

20 Samsonen emaztea, berriz, eztei-otordua antolatu zuen lagunari eman zioten emaztetzat.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21