Epaileak 8 EABD

Efraimdarrak haserre

1 Efraimen leinuko gizonek esan zioten Gedeoni:—Zergatik egin diguzu hori? Zergatik ez diguzu deitu, madiandarrak borrokatzera abiatu zarenean?Eta haserre egin zioten.

2 Gedeonek erantzun zien:—Zer da, bada, nik egindakoa zuek egindakoaren aldean? Ez al du gehiago balio zuek, efraimdarrok, jasotako uzta-hondarrak, guk, Abiezerren senitartekook, eginiko uztak baino?

3 Zuen esku utzi ditu Jaunak Oreb eta Zeeb, madiandarren buruzagiak. Egintza horren aldean, nik ez dut deus ere egin.Hau esateak baretu egin zituen efraimdarrak.

Gedeonen azken egintza

4 Gedeonek eta bere hirurehun gizonek Jordan ibaia igaro zuten. Nekatuak zeuden, baina jarraitu egin zuten madiandarren ondoren.

5 Sukot hirira heldurik, esan zien hango bizilagunei:—Eman, mesedez, talo batzuk nirekin datozen gizonei, nekaturik baitaude. Madiandarren errege Zebah eta Tzalmunaren atzetik gabiltza.

6 Baina Sukoteko buruzagiek erantzun zioten:—Atzeman al dituzu, bada, Zebah eta Tzalmuna? Ez! Hortaz, zer dela-eta eman behar diogu jaten zure gudari-taldeari?

7 Gedeonek esan zien:—Ongi da. Baina Jaunak Zebah eta Tzalmuna nire esku uztean, basamortuko otez eta garduz urratuko zaituztet.

8 Handik Penuel hirira igo eta gauza bera esan zien hangoei ere; baina Sukoteko jendeak bezalaxe erantzun zioten Penuelgoek.

9 Eta haiei ere esan zien Gedeonek:—Garaile etortzean, eraitsi egingo dut zuen dorre hau.

10 Zebah eta Tzalmuna Karkor hirian ziren beren gudarostearekin. Hamabost mila gizon besterik ez zuten; izan ere, ekialdeko jendearen gudarosteko ehun eta hogei mila gudari galduak ziren.

11 Nobah eta Jogbohako ekialdean zegoen nomaden bidea hartu, ustekabean eraso eta xehatu egin zuen Gedeonek etsaien gudarostea.

12 Madiango bi erregeek, Zebahek eta Tzalmunak, ihes egin zuten; baina Gedeonek pertsegitu eta harrapatu egin zituen, eta izutua utzi zuen gudaroste osoa.

13 Hereserako aldapan gora borrokatik itzultzean, Joaxen seme Gedeonek

14 Sukoteko gazte bat atzeman eta galdeketa egin zion. Gazteak idatziz eman zizkion Sukoteko buruzagi eta arduradunen izenak, orotara hirurogeita hamazazpi gizonen izenak.

15 Orduan, Sukoteko jendearengana hurbildu eta esan zien:—Iraindu egin ninduzuen, Zebah eta Tzalmuna atzeman nituen galdetuz, eta ukatu egin zenieten janaria nekatuak zeuden nire gizonei. Hona, hemen dituzue Zebah eta Tzalmuna!

16 Ondoren, hiriko arduradunak hartu eta zigorkatu egin zituen otez eta garduz.

17 Gero, Penuelgo dorrea eraitsi eta hil egin zuen hango jendea.

18 Orduan, galdetu zien Zebah eta Tzalmunari:—Zer itxura zuten Taborren hil zenituzten gizonek?Haiek erantzun zioten:—Zure antzekoak ziren; errege-seme ziruditen denek.

19 Gedeonek, orduan:—Nire anaiak, gure amaren semeak! Ala Jauna, bizirik utzi izan bazenituzte, ez zintuzketedan hilko orain.

20 Gero, bere lehen-seme Jeterri agindu zion:—Tira, hil itzak!Mutilak, ordea, ez zuen atera ere egin ezpata; artean gazte izanik, beldur baitzen.

21 Orduan, Zebah eta Tzalmuna beraiek esan zioten.—Tira, hil gaitzak heuk, hi bezalako gizon ausartari zegokiok eta!Eta hala, Gedeonek hil zituen Zebah eta Tzalmuna; gero, gameluek lepoan zeramatzaten apaindurak hartu zituen.

22 Israeldarrek esan zioten Gedeoni:—Madiandarren menpetik libratu gaituzunez gero, izan zaitez gure gobernari, baita zure ondorengoak ere gero.

23 Gedeonek ihardetsi zien:—Ez nauzue gobernari izango, ezta nire semea ere; Jauna izanen duzue agintari!

24 Eta jarraitu zuen esaten:—Baina gauza bat eskatu nahi dizuet: zuetako bakoitzak eman diezadala eraztun bana, etsaiei harrapaturiko horietatik.Izan ere, etsaiek urrezko eraztunak zeramatzaten, basamortuko jendea zenez.

25 Israeldarrek esan zioten:—Bai, emango dizkizugu.Eta, soingaineko bat zabaldurik, bertara bota zuen nork bere harrapakinetarik eraztun bana.

26 Gedeoni eman zizkioten urrezko eraztunek hogei kilo pisatu zuten, apaindurak, belarritakoak, Madiango erregeek zeramatzaten purpurazko jantziak eta gameluek lepoan zeramatzaten lepokoak kontatu gabe.

27 Urre harekin irudi bat egin eta Ofran, bere herrian, ipini zuen Gedeonek; israeldar guztiek irudi hura adoratu zuten, Jainkoarekin desleial jokatuz. Irudi hura galbide gertatu zitzaien Gedeoni eta beronen senitartekoei.

28 Horrelaxe menderatu zituzten, bada, israeldarrek madiandarrak; aurrerantzean hauek ez zuten burua berriro altxatu ahal izan.Israeldar herrialdea bakean bizi izan zen berrogei urtez, Gedeon bizi izan zen artean.

Gedeonen heriotza

29 Joaxen seme Gedeon, izengoitiz Jerubaal, bere etxera itzuli eta bertan bizi izan zen.

30 Emazte asko zuenez, hirurogeita hamar seme-alaba izan zituen.

31 Sikemen bizi zuen ohaideak ere seme bat eman zion, eta Abimelek deitu zuen.

32 Hil zen Joaxen seme Gedeon, zahartzaro ederra igaro ondoren, eta bere aita Joaxen hilobian ehortzi zuten, Ofran, abiezertarren hirian.

Israeldarrek idoloak gurtu berriro

33 Gedeon hil ondoren, Jauna zapuztu eta idoloak gurtu zituzten berriro israeldarrek, Baal-Berit beren jainkotzat hartuz.

34 Ez ziren oroitu, inguruko etsai guztien eskuetatik libratu zituen Jaunaz, beren Jainkoaz,

35 eta ez ziren leial izan Jerubaal-Gedeonen senitartekoekin, hark israeldarrei hainbeste on egin zien arren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21