Epaileak 17 EABD

DANEN LEINUA (17,1—18,31)

Mikaren santutegia

1 Bazen Efraimgo mendialdean Mika izeneko gizon bat.

2 Behinola esan zion amari:—Oroitzen al zara nola ostu zizkizuten zilarrezko mila eta ehun txanpon? Madarikazioa bota zenuen orduan nire aurrean. Begira, neuk ditut txanpon haiek, neuk ostu bainizkizun. Tori dirua!Amak esan zion:—Bedeinka zaitzala Jaunak, ene seme!

3 Orduan, amari eman zizkion zilarrezko mila eta ehun txanponak; baina amak esan zion:—Jaunari eskainia nion zilar hau zure alde, ene seme, zurezko idoloa metalez jantzia egiteko.

4 Semeak itzuli zion dirutik zilarrezko berrehun txanpon hartu eta zilargin bati eman zizkion amak eta zurezko idoloa metalez jantzia egin zuen zilarginak, eta Mikaren etxean ezarri zuten.

5 Mikak santutegi bat zuen eta, efod apaiz-jantzia eta etxe-jainkoen irudiak eginarazi ondoren, bere semeetariko bati apaiz-eginkizuna eman zion, beraren apaiz izan zedin.

6 Aldi hartan ez zen erregerik Israelen eta bakoitzak ongien iruditzen zitzaiona egin ohi zuen.

7 Bazen Judako Belenen Judaren leinuko gazte lebitar bat; etorkin gisa bizi zen han.

8 Gazte hark alde egin zuen Belendik, beste nonbait bizitzeko. Ibilian-ibilian, Efraimgo mendialdera heldu zen, Mikaren etxera.

9 Mikak galdetu zion:—Nondik zatoz?Hark erantzun:—Judako Belengo lebitar bat nauzu, beste nonbait bizitzeko asmotan.

10 Mikak, orduan:—Geldi zaitez nirekin; kontseilaritzat hartuko zaitut, nire apaiz izanen zara. Ordainez, urtean zilarrezko hamar txanpon, jantzi-multzoa eta jatekoa emango dizkizut.

11 Lebitarrak onartu zuen gizon haren etxean bizitzea, eta gizonak bere semeetako bat bezala hartu zuen.

12 Mikak apaiz-eginkizuna eman zion lebitarrari; horrela, gazte hura Mikaren apaiz bilakatu zen eta beraren etxean gelditu bizitzen.

13 Mikak pentsatu zuen: «Orain bai izanen dudala Jauna neure alde, lebitarra baita nire apaiza».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21