1 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, eta hark madiandarren menpe eduki zituen zazpi urtez.
2 Madiandarren agintea gogorra izan zen israeldarrentzat. Haiengandik babesteko, mendietako haitzarte, leize eta toki hurbilgaitzetan gorde ziren.
3 Israeldarrek ereiten zutenean, madiandarrek nahiz amalektarrek nahiz ekialdeko basamortuko jendeak eraso egin ohi zieten;
4 israeldarrengandik hurbil kanpatu eta uztak hondatu ohi zituzten Gazako sarreraraino, israeldarrak deus gabe utziz, janaririk, ardirik, behirik eta astorik gabe.
5 Beren abere, oihal-etxola eta guzti etorri, lurralde hartan sartu eta dena hondatu ohi zuten madiandarrek. Larrapoteak bezain ugari ziren, eta beraien gameluak zenbatu ezin beste.
6 Horrela, madiandarrengatik, erabat pobretu ziren israeldarrak; orduan, dei egin zioten Jaunari.
7 Madiandarrak zirela-eta, israeldarrek Jaunari oihu egin ziotenean,
8 profeta bat bidali zien Jaunak, esatera: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik ekarri zaituztet Egiptotik eta nik atera esklabotzatik.
9 Nik askatu zaituztet egiptoarren eta gainerako zapaltzaile guztien menpetik; bota egin ditut etsaiak zuen aurretik eta berauen lurraldea eman dizuet.
10 Esan nizuen neu ninduzuela Jauna, zeuen Jainkoa, eta ez izateko amortarren jainkoen beldurrik, beraien lurraldean bizi zareten arren. Baina ez duzue aditu nire esana».
11 Aldi hartan, Jaunaren aingerua Ofra herrixkara etorri eta arteondo baten azpian jarri zen. Arteondo hura Abiezerren senitarteko Joaxena zen. Honen seme Gedeon garia dolarean jotzen ari zen, madiandarrek ikus ez zezaten.
12 Orduan, Jaunaren aingerua agertu eta esan zion:—Jauna zurekin, gizon ausart hori!
13 Gedeonek erantzun:—Barkatu, ene jauna, baina Jauna gurekin baldin bada, zergatik ari zaigu gertatzen hau guztia? Zertan dira gurasoek kontatzen zizkiguten gertaera harrigarri haiek, Jaunak Egiptotik ekarri gintuela esaten zigutenean? Orain, izan ere, eskutik utzi gaitu Jaunak eta madiandarren menpe jarri.
14 Jaunak esan zion:—Zoaz eta salba ezazu Israel zeure indarraz madiandarren menpetik. Nik bidaltzen zaitut!
15 Gedeonek, ordea, ihardetsi zion:—Barkatu, Jauna; nola salbatuko dut Israel? Nire senitartea Manasesen leinuko ahulena da eta ni gazteena gure aitaren etxean.
16 Jaunak esan zion:—Zeurekin izango nauzu; horrela, madiandar guztiak batera hondatuko dituzu.
17 Gedeonek, berriro:—Egiaz begiko baldin banauzu, ager iezadazu, zantzu baten bidez, zeu zarela hizketan ari zaidana.
18 Otoi, ez joan hemendik nik eskaintza zure aurrera ekarri arte. Berehala itzuliko naiz.Jaunak erantzun zion:—Hementxe egongo naiz zu etorri arte.
19 Joan zen Gedeon eta antxume bat prestatu zuen eta, hogei kilo-edo irinez, legamia gabeko ogiak egin. Gero, okela otarrean eta salda eltzean harturik, arteondo azpira eraman eta Jaunari eskaini zion dena.
20 Jaunaren aingeruak esan zion:—Hartu okela eta legamia gabeko ogiak eta ezarri haitz horren gainean, eta isuri salda.Halaxe egin zuen Gedeonek.
21 Orduan, Jaunaren aingeruak, eskuan zuen makila luzatuz, muturraz okela eta legamia gabeko ogiak ukitu zituenean, sugarra atera zen haitzetik, okela eta legamia gabeko ogiak kiskaliz. Gero, desagertu egin zen Jaunaren aingerua Gedeonen aurretik.
22 Jaunaren aingerua izan zela ohartzean, Gedeonek esan zuen:—Ai, ene Jainko Jauna! Jaunaren aingerua ikusi dut aurrez aurre!
23 Jaunak esan zion:—Bakea zurekin! Ez izan beldurrik, ez zara hilko.
24 Gedeonek aldarea eraiki zuen bertan Jaunaren omenez, eta «Jauna bakea» izena eman zion. Han dago gaur ere oraindik, Ofran, Abiezerren senitartekoen hirixkan.
25 Gau hartan bertan, Jaunak esan zion Gedeoni:—Hartzazu aitaren idiskoa, zazpi urtekoa. Eraitsi gero aitak zaintzen duen Baalen aldarea eta puskatu haren ondoan dagoen zutoin sakratua.
26 Ondoren, eraiki arreta handiz aldarea Jaunari, zeure Jainkoari, babesleku honen gailurrean eta, zezena harturik, eskain ezazu erre-oparitzat, puskatuko duzun zutoin sakratuaren egurren gainean.
27 Gedeonek, beraz, bere morroien artetik hamar gizon harturik, Jaunak agindu bezala egin zuen; alabaina, bere senitartekoen eta hiriko jendearen beldur baitzen, egunez egin beharrean, gauez egin zuen.
28 Biharamun goizean jaikitzean, hiriko jendeak Baalen aldarea norbaitek hautsi eta haren ondoko zutoin sakratua puskatu zuela ikusi zuen, eta idiskoa erre-oparitzat eskainia zuela aldare berrian.
29 Eta elkarri galdetu zioten: «Nork egin ote du hori?» Ikertu eta aztertu ondoren, Joaxen seme Gedeonek egin zuela jakin zuten.
30 Orduan, hiriko jendeak esan zion Joaxi:—Atera ezazu semea! Hil egin behar dugu, Baalen aldarea hautsi eta haren ondoan zegoen zutoin sakratua puskatu duelako.
31 Joaxek, ordea, erantzun zien inguruan zituenei:—Nor eta zuek Baal jainkoa defendatzen? Zuek bera salbatzen? Norbaitek defendatzen badu, halakoa bihar goizerako hila izanen da. Baal jainko baldin bada, defenda beza bere burua, berea baitzuen hautsitako aldarea.
32 Egun hartan Gedeoni Jerubaal goitizena eman zioten, esanez: «Defenda bedi Baal, beraren aldarea hautsi duenaren kontra!»
33 Madiandarrek, amalektarrek eta ekialdeko basamortuko jendeak, denek elkar harturik, Jordan ibaia igaro eta Izreel lautadan ezarri zuten kanpalekua.
34 Jaunaren espirituz jantzirik, Gedeonek adarra jo eta bere ondoan bildu zituen Abiezerren senitartekoak.
35 Eta Manasesen lurralde osora mezulariak bidalirik, bere ondoan bildu zuen hango jendea ere. Gero Axer, Zabulon eta Neftaliren leinuetakoengana ere bidali zituen mezulariak, eta leinu haietakoak ere bildu zituen.
36 Orduan, Gedeonek esan zion Jaunari: «Israel salbatzeko nitaz baliatuko omen zara.
37 Hara, ardi-larru bat zabalduko dut larrainean; ihintza ardi-larru gainean bakarrik egin eta inguruko lurra lehor gelditzen bada, jakingo dut nitaz baliatuko zarela Israel salbatzeko».
38 Halaxe izan zen. Biharamun goizean jaiki, ardi-larrua hartu eta, ihintza ateratzeko bihurritu zuenean, antoxin bat bete zuen urez.
39 Gero, esan zion berriro Gedeonek Jainkoari: «Ez zakizkit haserretu, berriro ere ardi-larruarekin beste proba bat egitea eskatzen badizut: geldi dadila lehor ardi-larrua eta egin beza ihintza inguruko lur gainean».
40 Gau hartan horixe egin zuen Jainkoak: ardi-larrua bakarrik gelditu zen lehor eta inguruko lur osoan ihintza egin zuen.