2 Jaunak erantzun zuen:—Judaren leinua igoko da, beronen esku utzia baitut lurralde hori.
3 Orduan, Judaren leinukoek esan zieten Simeonen leinuko beren senideei:—Zatozte gurekin Jainkoak guretzat izendatu duen lurraldera eta eraso diezaiegun kanaandarrei. Gero, zuei izendatu dizuenera joango gara gu zuekin.Eta hala, simeondarrak haiekin joan ziren.
4 Judaren leinukoek, beraz, eraso zuten eta Jaunak eskura eman zizkien kanaandarrak eta periztarrak. Hamar mila gizon hil zizkieten Bezeken.
5 Bertan Adoni-Bezek zeritzan erregea aurkitu eta eraso egin zioten hari ere.Kanaandarrak eta periztarrak garaitu zituztela ikustean,
6 Adoni-Bezek ihesi abiatu zen; baina judatarrek, atzetik joan, harrapatu eta esku-oinetako behatz lodiak ebaki zizkioten.
7 Adoni-Bezekek esan zuen: «Esku-oinetako behatz lodiak ebaki nizkien hirurogeita hamar erregeek nire mahaipeko apurrak bildu behar izan zituzten. Neuk egindakoaren ordaina eman dit orain Jainkoak».Jerusalemera eraman zuten eta bertan hil zen.
8 Judaren leinukoek Jerusalemi eraso eta hartu egin zuten, eta bertan bizi zirenak ezpataz hil eta hiriari su eman.