21 Benjamindarrek, aldiz, ez zituzten Jerusalemgo jebustarrak bota; horregatik, jebustarrak Jerusalemen bizi ahal izan dira benjamindarrekin batera gaurdaino.
22 Joseren leinukoak Betel hiriaren kontra abiatu ziren, Jauna lagun zutela,
23 eta ikerketa egin zuten bertan —antzina hiri hark Luz zuen izena—.
24 Hiritik kanpora zetorren gizon bat ikusirik, ikertzaileek esan zioten: «Erakuts iezaguzu nondik sartzen den hirira eta ongi tratatuko zaitugu».
25 Gizonak erakutsi egin zien nondik sartzen zen hirira. Orduan, hiriko guztiak hil zituzten ezpataz, gizon hura eta beraren senitartekoak izan ezik.
26 Gizon hark, berriz, hititen lurraldera joan eta hiri bat eraiki zuen; Luz izena eman zion eta hala deritza gaurdaino.
27 Manasesen leinukoek ezin izan zituzten hartu Bet-Xan, Taanak, Dor, Ibleam eta Megido hiriak, ezta haien inguruak, ez bizilagunak ere; kanaandarrek jarraitu zuten bertan bizitzen.