2 Baina Galaaden emazteak ere izan zituen seme-alabak. Emaztearen semeok, hazi zirenean, bota egin zuten Jefte, esanez: «Ez duk parterik izango gure aitaren ondarean, beste emakume baten semea haiz eta».
3 Orduan, bere senideengandik alde egin eta Tob lurraldean kokatu zen Jefte. Gizon gaiztaginak bildu zitzaizkion eta lapurretak egiten laguntzen zioten.
4 Aldi baten buruan, amondarrek eraso egin zieten israeldarrei.
5 Borroka hastean, Galaadeko arduradunak Tobera joan ziren Jefteren bila,
6 eta esan zioten:—Zatoz, izan gure gudalburu, amondarren kontra borrokatzeko.
7 Baina Jeftek ihardetsi zien:—Zuek, ni gorrotatu eta aitaren etxetik bota ninduzuenok, orain, estuasunean, niregana al zatozte?
8 Galaadeko arduradunek esan zioten Jefteri:—Horrexegatik gatozkizu, hain zuzen. Zatoz gurekin, borroka zaitez amondarren kontra, eta Galaadeko bizilagunen buruzagi izango zara.