2 Bazen Tzoran Manoah izeneko gizon bat, Danen leinukoa. Haren emazteak ez zuen haurrik izan, agorra baitzen.
3 Behinola, emakume hari Jaunaren aingerua agertu eta esan zion: «Agorra zara eta ez duzu haurrik izan; hala ere, sabelean sortu eta semea izanen duzu.
4 Baina ez edan ardorik, ez beste edari mozkorgarririk, eta ez jan ezer kutsaturik,
5 zeren eta sabelean sortu eta semea izanen baituzu. Ez diote ilerik moztu behar, amaren sabeletik “nazireu” izan behar baitu, hau da, Jaunarentzat sagaratua. Hura hasiko da israeldarrak filistearren menpetik askatzen».
6 Emakumeak senarrarengana joan eta esan zion: «Jainkoaren gizon bat etorri zait; Jainkoaren aingeru-itxura zuen, zinez izugarria. Ez diot galdetu nongoa den, berak ere ez dit bere izenik esan.
7 Baina esan dit: “Sabelean sortu eta semea izanen duzu. Ez edan ardorik, ez beste edari mozkorgarririk, eta ez jan ezer kutsaturik; amaren sabelean sortu eta hil arte, “nazireu” izan behar baitu haurrak, hau da, Jaunarentzat sagaratua”».
8 Orduan, Manoahek otoitz hau egin zion Jaunari: «Otoi, ene Jauna, betorkigu berriro lehen bidali duzun Jainkoaren gizona eta esan diezagula zer egin behar dugun jaioko den haurrarekin».