15 Dalilak, orduan:—Maite nauzula diozu eta ez zara nitaz fidatzen. Hiru aldiz egin duzu barre nire lepotik, eta oraindik ez didazu esan nondik duzun horrelako indarra.
16 Dalila, egunero, nazkatzeraino galdezka ari zitzaionez, bizitzaz ere asperturik,
17 aditzera eman zion Samsonek bere baitan zeraman isilpekoa: «Ez dit labanak inoiz ere ilea moztu, “nazireu” bainaiz, hau da, Jaunarentzat sagaratua, neure amaren sabeletik. Ilea moztuko balidate, indarra galdu eta ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango».
18 Dalilak, egi-egia esan ziola oharturik, filistearren buruzagiei dei egin eta esan zien:—Zatozte, oraingoan azaldu baitit bere barrua.Hala, etorri ziren filistearren buruzagiak emakumeagana, dirua eskuan zekartela.
19 Eta Dalilak, Samsoni bere belaunetan lo harrarazirik, gizon bati dei egin zion buruko zazpi ile-mototsak mozteko. Samsoni indarrak alde egin zionean, Dalila hura astintzen hasi zen,
20 esanez: «Horra! Filistearrak, Samson!» Esnatu zen Samson eta aurrekoetan bezala libratuko zela uste izan zuen; baina ez zekien Jaunak zapuztua zuela.
21 Hartu zuten, beraz, filistearrek, begiak atera, Gazara eraman eta brontzezko bi katez lotu zuten, eta errotarri bati eragin behar izan zion presondegian.