14 Laixko inguruak ikertzen ibiliak ziren bost gizon haiek esan zieten beren ahaideei:—Ba al dakizue etxe haietako batean efod apaiz-jantzi bat, etxe-jainkoen irudiak, idolo bat eta metal urtuzko irudi bat daudela? Pentsa ezazue zer egin.
15 Bost gizon haiek harantz jo zuten eta, Mikaren etxean sarturik, lebitar gaztea agurtu.
16 Danen leinuko seiehun gizon haiek, berriz, atarian gelditu ziren.
17 Eta apaiza seiehun gizon armatu haiekin etxe-atarian zegoen bitartean, lurraldea ikertua zuten bost gizon haiek etxean sartu eta idoloa, efoda, etxe-jainkoen irudiak eta metal urtuzko irudia hartu zituzten.
18 Mikaren etxean sartu eta gauza sakratu haiek hartu zituztela ikustean, apaizak esan zien:—Zertan ari zarete?
19 Gizonek erantzun zioten:—Ixo! Ez esan ezer. Zatoz gurekin eta gure kontseilari eta apaiz izanen zara. Zer duzu hobe, gizon bakarraren apaiz izan ala Israelgo leinu eta senitarte batena izan?
20 Atsegin izan zitzaion hori apaizari. Hartu zituen efod apaiz-jantzia, etxe-jainkoen irudiak eta idoloa, eta gizon-taldearekin joan zen.