22 Denak pozik zeudelarik, hona non agertzen diren gizonak, gizon gaizkile halakoak; etxea inguratu eta ate-joka hasi ziren, etxeko jabea zen gizon zaharrari esanez:—Atera ezazu zure etxean sartu den gizon hori, bortxatu egin nahi dugu eta!
23 Etxeko jabeak ihardetsi zien:—Ez, ene anaiok; ez egin halako itsuskeriarik. Neuk eman diot ostatu; ez egin halako zitalkeriarik.
24 Hemen daude neure alaba, birjina oraindik, eta gizon honen ohaidea; biak aterako dizkizuet. Bortxa itzazue eta egiezue nahi duzuena, baina gizon honi ez egin halako zitalkeriarik.
25 Gizon haiek, ordea, ez zioten kasurik egin. Orduan, lebitarrak bere ohaidea atera zien kanpora, eta haiek gau osoan ari izan ziren emakumea bortxatzen eta eguna argitzean utzi zuten.
26 Egunsentian, bere senarrari ostatu eman zion gizonaren etxera itzuli zen emakumea, baina ate ondoan eroria gelditu zen eguna argitu zuen arte.
27 Lebitarrak, goizean goiz jaiki eta bideari ekiteko atea ireki zuenean, han aurkitu zuen bere ohaidea, etxeko atarian eroria, eskuak atondoan zituela.
28 Gizonak esan zion:—Jaiki eta goazen.Baina ez zuen erantzunik izan. Orduan, jaso zuen asto gainera gorpua eta bere lurralderantz abiatu zen lebitarra.