1 Jaunaren aingeruak Gilgaldik Bokimera igo eta esan zion herriari: «Egiptotik irtenarazi zaituztet eta zeuen gurasoei zin eginez hitzemaniko lurraldera sartu. Esana nizuen: “Ez dut sekula hautsiko zuekin egin dudan ituna;
2 eta zuek ez duzue inolako itunik egingo lurralde honetako jendearekin, baizik eta haien aldareak desegingo dituzue”. Zuek, aldiz, nire esana aditu beharrean, zer egin duzue?
3 Beraz, hau diotsuet: Ez ditut jende horiek botako zuen aurretik; ondoan izanen dituzue eta beraien jainkoak tranpa gertatuko dira zuentzat».
4 Jaunaren aingeruak israeldarrei esandako hitzok entzutean, herri osoak negarrari eman zion uluka.
5 Horregatik, toki hari Bokim deitu zioten, hau da, «Negartiak». Gero, opariak eskaini zizkioten bertan Jaunari.
6 Josuek bidali egin zuen herria, eta israeldarrak nor bere lurraldearen jabetza hartzera joan ziren.
7 Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna gurtu zuten; Josue hil ondoren bizirik jarraitu eta Jaunak Israelen alde eginiko egintza handiak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere bai.