11 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek, Baal sasijainkoaren idoloak gurtuz.
12 Egiptotik atera zituen Jauna, beren arbasoen Jainkoa, baztertu eta inguruan bizi ziren herrien sasijainkoen ondoren joan ziren, berauen aitzinean ahuspeztuz; horrela, Jauna haserrarazi egin zuten.
13 Beraz, Jauna baztertu eta Baal eta Astarteren idoloak gurtu zituzten.
14 Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, lapurren esku utzi zituen, eta hauek lapurretan egin zieten. Inguruko etsaien esku ere utzi zituen; horregatik, israeldarrek ezin izan zioten eutsi etsaien aurrean.
15 Borrokara joatean, beti galduan ateratzen ziren, beren kontra baitzuten Jauna, beronek zin eginez esana zien bezala. Israeldarrak geroz eta estuago zeuden.
16 Orduan, buruzagiak sorrarazi zituen Jaunak eta haiek libratu zituzten israeldarrak lapurrengandik.
17 Baina israeldarrak, buruzagi haiei aditu ordez, desleial izan ziren Jainkoarekiko eta sasijainkoak gurtu zituzten, berauen aurrean ahuspeztuz. Berehala okertu ziren gurasoen bidetik; hauek bai aditu zituztela Jaunaren aginduak! Baina ondorengoek ez zuten berdin jokatu.