13 Beraz, Jauna baztertu eta Baal eta Astarteren idoloak gurtu zituzten.
14 Jaunak, Israelen kontra biziki haserreturik, lapurren esku utzi zituen, eta hauek lapurretan egin zieten. Inguruko etsaien esku ere utzi zituen; horregatik, israeldarrek ezin izan zioten eutsi etsaien aurrean.
15 Borrokara joatean, beti galduan ateratzen ziren, beren kontra baitzuten Jauna, beronek zin eginez esana zien bezala. Israeldarrak geroz eta estuago zeuden.
16 Orduan, buruzagiak sorrarazi zituen Jaunak eta haiek libratu zituzten israeldarrak lapurrengandik.
17 Baina israeldarrak, buruzagi haiei aditu ordez, desleial izan ziren Jainkoarekiko eta sasijainkoak gurtu zituzten, berauen aurrean ahuspeztuz. Berehala okertu ziren gurasoen bidetik; hauek bai aditu zituztela Jaunaren aginduak! Baina ondorengoek ez zuten berdin jokatu.
18 Buruzagiren bat sorrarazten zuenean, bizitza osoan laguntzen zion Jaunak; horrela, beren etsaiengandik salbatu egiten zituen israeldarrak. Izan ere, hunkitu egiten zen haietaz Jauna, beren menderatzaile eta laidoztatzaileen azpian egiten zituzten negarrengatik.
19 Buruzagia hiltzean, ordea, berriro gaiztotzen ziren israeldarrak, beren gurasoak baino gehiago gaiztotu ere. Sasijainkoetara jo eta gurtu egiten zituzten, berauen aitzinean ahuspeztuz. Ez zituzten aldatzen beren jarduera gaizto eta jokabide setatsuak.