3 Hona hemen zein ziren jentil-herri haiek: filistearren bost buruzagiak, kanaandar guztiak, sidondarrak eta Baal-Hermon menditik Hamateko sarreraraino Libanoko mendialdean bizi ziren hibiarrak.
4 Horrela probatuko zituen Jaunak israeldarrak eta jakingo beraien gurasoei Moisesen bitartez emaniko aginduak betetzen zituzten ala ez.
5 Beraz, kanaandar, hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren artean bizi izan ziren israeldarrak.
6 Haien alabak emaztetzat hartu eta beren alabak haien semeei eman zizkieten eta haien sasijainkoak gurtu zituzten.
7 Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten israeldarrek: Jaunaz, beren Jainkoaz, ahaztu eta Baal eta Axeraren idoloak gurtu zituzten.
8 Sutu egin zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta Mesopotamia Garaiko errege Kuxan-Rixataimen esku utzi zituen. Zortzi urtez izan ziren israeldarrak Kuxan-Rixataimen menpeko.
9 Orduan, israeldarrek oihu egin zioten Jaunari eta honek salbatzaile bat bidali zien: Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteena, Otniel; honek salbatu zituen.