11 Aldi hartan, Jaunaren aingerua Ofra herrixkara etorri eta arteondo baten azpian jarri zen. Arteondo hura Abiezerren senitarteko Joaxena zen. Honen seme Gedeon garia dolarean jotzen ari zen, madiandarrek ikus ez zezaten.
12 Orduan, Jaunaren aingerua agertu eta esan zion:—Jauna zurekin, gizon ausart hori!
13 Gedeonek erantzun:—Barkatu, ene jauna, baina Jauna gurekin baldin bada, zergatik ari zaigu gertatzen hau guztia? Zertan dira gurasoek kontatzen zizkiguten gertaera harrigarri haiek, Jaunak Egiptotik ekarri gintuela esaten zigutenean? Orain, izan ere, eskutik utzi gaitu Jaunak eta madiandarren menpe jarri.
14 Jaunak esan zion:—Zoaz eta salba ezazu Israel zeure indarraz madiandarren menpetik. Nik bidaltzen zaitut!
15 Gedeonek, ordea, ihardetsi zion:—Barkatu, Jauna; nola salbatuko dut Israel? Nire senitartea Manasesen leinuko ahulena da eta ni gazteena gure aitaren etxean.
16 Jaunak esan zion:—Zeurekin izango nauzu; horrela, madiandar guztiak batera hondatuko dituzu.
17 Gedeonek, berriro:—Egiaz begiko baldin banauzu, ager iezadazu, zantzu baten bidez, zeu zarela hizketan ari zaidana.