13 Gedeonek erantzun:—Barkatu, ene jauna, baina Jauna gurekin baldin bada, zergatik ari zaigu gertatzen hau guztia? Zertan dira gurasoek kontatzen zizkiguten gertaera harrigarri haiek, Jaunak Egiptotik ekarri gintuela esaten zigutenean? Orain, izan ere, eskutik utzi gaitu Jaunak eta madiandarren menpe jarri.
14 Jaunak esan zion:—Zoaz eta salba ezazu Israel zeure indarraz madiandarren menpetik. Nik bidaltzen zaitut!
15 Gedeonek, ordea, ihardetsi zion:—Barkatu, Jauna; nola salbatuko dut Israel? Nire senitartea Manasesen leinuko ahulena da eta ni gazteena gure aitaren etxean.
16 Jaunak esan zion:—Zeurekin izango nauzu; horrela, madiandar guztiak batera hondatuko dituzu.
17 Gedeonek, berriro:—Egiaz begiko baldin banauzu, ager iezadazu, zantzu baten bidez, zeu zarela hizketan ari zaidana.
18 Otoi, ez joan hemendik nik eskaintza zure aurrera ekarri arte. Berehala itzuliko naiz.Jaunak erantzun zion:—Hementxe egongo naiz zu etorri arte.
19 Joan zen Gedeon eta antxume bat prestatu zuen eta, hogei kilo-edo irinez, legamia gabeko ogiak egin. Gero, okela otarrean eta salda eltzean harturik, arteondo azpira eraman eta Jaunari eskaini zion dena.