33 Madiandarrek, amalektarrek eta ekialdeko basamortuko jendeak, denek elkar harturik, Jordan ibaia igaro eta Izreel lautadan ezarri zuten kanpalekua.
34 Jaunaren espirituz jantzirik, Gedeonek adarra jo eta bere ondoan bildu zituen Abiezerren senitartekoak.
35 Eta Manasesen lurralde osora mezulariak bidalirik, bere ondoan bildu zuen hango jendea ere. Gero Axer, Zabulon eta Neftaliren leinuetakoengana ere bidali zituen mezulariak, eta leinu haietakoak ere bildu zituen.
36 Orduan, Gedeonek esan zion Jaunari: «Israel salbatzeko nitaz baliatuko omen zara.
37 Hara, ardi-larru bat zabalduko dut larrainean; ihintza ardi-larru gainean bakarrik egin eta inguruko lurra lehor gelditzen bada, jakingo dut nitaz baliatuko zarela Israel salbatzeko».
38 Halaxe izan zen. Biharamun goizean jaiki, ardi-larrua hartu eta, ihintza ateratzeko bihurritu zuenean, antoxin bat bete zuen urez.
39 Gero, esan zion berriro Gedeonek Jainkoari: «Ez zakizkit haserretu, berriro ere ardi-larruarekin beste proba bat egitea eskatzen badizut: geldi dadila lehor ardi-larrua eta egin beza ihintza inguruko lur gainean».