1 Jerubaalek —hots, Gedeonek— eta harekin zen jende guztiak, goizean goiz jaiki eta Harod iturri ondoan jarri zituzten oihal-etxolak. Madiandarrek iparraldera zuten kanpalekua, lautadan, More mendixkaren oinetan.
2 Jaunak esan zion Gedeoni: «Gudaroste handiegia dakarzu, madiandarrak zuri eskura nik emateko. Harrotu egingo litzaidake Israel, garaipena bere eskuz lortu duela pentsatuz.
3 Esaiozu jendeari: “Beldur-ikaraz dagoenak alde egin beza Galaad menditik eta itzul bedi etxera”».Hogeita bi mila gizon etxera itzuli eta hamar mila gelditu ziren.
4 Jaunak, ordea, esan zion Gedeoni: «Oraindik ere gehiegi dira. Jaitsarazi gizonak errekara eta han probatuko ditut. Neuk esanen dizut zeinek jarraituko duten zurekin eta zeinek alde egin beharko duten».
5 Gedeonek jendea errekara jaitsarazi zuenean, Jaunak esan zion: «Bereiz itzazu ura eskuan hartu eta zakurrek bezala miazkatuz edango dutenak, edateko belauniko jarriko direnengandik».