3 Esaiozu jendeari: “Beldur-ikaraz dagoenak alde egin beza Galaad menditik eta itzul bedi etxera”».Hogeita bi mila gizon etxera itzuli eta hamar mila gelditu ziren.
4 Jaunak, ordea, esan zion Gedeoni: «Oraindik ere gehiegi dira. Jaitsarazi gizonak errekara eta han probatuko ditut. Neuk esanen dizut zeinek jarraituko duten zurekin eta zeinek alde egin beharko duten».
5 Gedeonek jendea errekara jaitsarazi zuenean, Jaunak esan zion: «Bereiz itzazu ura eskuan hartu eta zakurrek bezala miazkatuz edango dutenak, edateko belauniko jarriko direnengandik».
6 Hirurehun gizonek eraman zuten ura ahora eskuetan harturik; beste guztiak belaunikatu egin ziren ura edateko.
7 Jaunak esan zion Gedeoni: «Ura eskutik edan duten hirurehun gizon horien bidez salbatuko zaituztet, madiandarrak eskura emanez. Gainerako jendea doala nor bere etxera».
8 Gedeonek Israelgo gizon gehienak bidali zituen nor bere etxera, hirurehun haiekin bakarrik geldituz; hauek beren lagunen jakiak eta adarrak hartu zituzten. Madiandarren kanpalekua israeldarrena baino beherago zegoen, lautadan.
9 Gau hartan Jaunak esan zion Gedeoni: «Jaiki eta jaits zaitez etsaien kanpalekura; eskura emanen dizkizut.