20 Gero, bere lehen-seme Jeterri agindu zion:—Tira, hil itzak!Mutilak, ordea, ez zuen atera ere egin ezpata; artean gazte izanik, beldur baitzen.
21 Orduan, Zebah eta Tzalmuna beraiek esan zioten.—Tira, hil gaitzak heuk, hi bezalako gizon ausartari zegokiok eta!Eta hala, Gedeonek hil zituen Zebah eta Tzalmuna; gero, gameluek lepoan zeramatzaten apaindurak hartu zituen.
22 Israeldarrek esan zioten Gedeoni:—Madiandarren menpetik libratu gaituzunez gero, izan zaitez gure gobernari, baita zure ondorengoak ere gero.
23 Gedeonek ihardetsi zien:—Ez nauzue gobernari izango, ezta nire semea ere; Jauna izanen duzue agintari!
24 Eta jarraitu zuen esaten:—Baina gauza bat eskatu nahi dizuet: zuetako bakoitzak eman diezadala eraztun bana, etsaiei harrapaturiko horietatik.Izan ere, etsaiek urrezko eraztunak zeramatzaten, basamortuko jendea zenez.
25 Israeldarrek esan zioten:—Bai, emango dizkizugu.Eta, soingaineko bat zabaldurik, bertara bota zuen nork bere harrapakinetarik eraztun bana.
26 Gedeoni eman zizkioten urrezko eraztunek hogei kilo pisatu zuten, apaindurak, belarritakoak, Madiango erregeek zeramatzaten purpurazko jantziak eta gameluek lepoan zeramatzaten lepokoak kontatu gabe.