37 Gaalek, ordea, berriro:—Baietz! «Lurraren Zilborra» deritzan mendixkan behera dator talde bat, eta Aztien Arteondorako bidetik beste bat.
38 Orduan, Zebulek:—Non duk heure harrokeria, ahozabal horrek? Ez al huen, bada, esaten Abimelek ez dela inor gu beraren zerbitzari izateko? Ez al da hori gutxietsi huen gudarostea? Joan hadi orain eta borrokatu beraren kontra!
39 Atera zen, bada, Gaal Sikemgo nagusien aurretik Abimeleken kontra borrokatzera;
40 baina Abimelekek pertsegitu egin zuen eta Gaal ihesi joan zen. Ugari izan ziren hiriko sarrera bitartean eroriak.
41 Ondoren, Abimelek Aruman gelditu zen bizitzen eta Zebulek bota egin zituen Gaal eta beronen senideak Sikemdik, bertara itzultzea debekatuz.
42 Biharamunean, Sikemgo gudarostea landara irtetekoa zela jakin zuelarik, Abimelekek,
43 bere gudariak hartu eta, hiru taldetan banaturik, zelatan jarri zituen landan. Eta jendea hiritik ateratzen ari zela ikustean, eraso eta xehatu egin zuen.