Jeremias 19 EABD

Pitxer puskatua ezbeharraren ezaugarri

1 Jaunak agindu zion Jeremiasi: «Zoaz eta erosi buztinezko pitxer bat. Eraman zeurekin herri-agintari eta apaiz-kontseiluko batzuk.

2 Irten, gero, Ben-Hinom haranera, Ontzi-pusken ate aurrera, eta aldarrikatu bertan orain emango dizudan mezua.

3 Hauxe esango duzu: Judako errege eta Jerusalemgo bizilagunok, entzun Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezua: Ezbehar izugarria erakarriko dut toki honen kontra; entzun dezaten guztiei durundi egingo diete belarriek.

4 Izan ere, israeldarrek bazterrera utzi naute eta toki honen izaera itxuragabetu: intsentsua erre diete bertan, ez berek, ez beren gurasoek, ez Judako erregeek ezagutzen ez zituzten jainkoei, eta jende errugabearen odolez bete dute.

5 Aldareak eraiki dituzte seme-alabak Baali oparitzat erretzeko. Nik ez dut horrelakorik sekula agindu, ezta aipatu edo burura etorri ere.

6 «Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Badator toki honi Tofet eta Ben-Hinom harana deituko ez dioten eguna, Hilketa-harana baizik.

7 Suntsitu egingo ditut bertan Judaren eta Jerusalemen egitasmoak. Etsaien ezpataz, beraiek galdu nahian dabiltzanen eskuz, hilko ditut, eta haien gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira.

8 Hiri hau hondamen bihurtuko dut eta jendearen iseka-gai. Hemendik igaroko diren guztiak izu-ikaraturik geldituko dira honelako hondamendia ikustean.

9 Beren seme-alaben haragia janaraziko diet eta elkar ere jango dute, hain egoera larrian aurkituko baitira, etsai amorratuek hiria setiatzean.

10 «Hau esan ondoren, apurtu egingo duzu pitxerra zurekin doazen gizonen aurrean,

11 eta esango diezu: Honela dio Jaun ahalguztidunak: Apurtu egingo ditut herri hau eta hiri hau, buztinezko pitxerra bezala; apurtu, gehiago konpontzerik ez duen buztin-ontzia bezala. Tofeten lur eman beharko diete hilei, beste inon tokirik ez eta.

12 Honela, hiria bertako bizilagunekin, Tofet bezala, herio-toki bihurtuko dut. Hala diot nik, Jaunak.

13 Jerusalemgo etxeak eta Judako erregeen jauregiak —hau da, etxe gainetan ortziko astroei intsentsua erretzen eta jainko arrotzei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxe guztiak— kutsatutzat hartuko dira Tofet bezala».

14 Jaunaren aginduz mezu hau aldarrikatu ondoren, Tofetetik itzuli zen Jeremias eta, tenpluko atarian gelditurik, herri osoari esan zion:

15 «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Bidali egingo dut hiri honen eta inguruko herri guztien gainera adierazi dudan ezbeharra, burugogor jarri baitira bertako bizilagunak, nik esana aditzeari uko eginez».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52