Jeremias 38 EABD

Jeremias putzuan sartu

1 Matanen seme Xefatiasek, Paxhur-en seme Gedaliasek, Xelemiasen seme Jukalek eta Malkiasen seme Paxhur-ek jende guztiari Jeremias honela ari zitzaiola jakin zuten:

2 «Hau dio Jaunak: Hirian gelditzen dena ezpataz, goseak edo izurriz hilko da; babiloniarrengana igarotzen dena, ordea, bizirik eta onik aterako.

3 Hiria Babiloniako erregearen eskuetan eroriko da erremediorik gabe, eta konkistatu egingo du. Nik, Jaunak, esana».

4 Ministroek esan zioten erregeari:—Gizon honek bizia zor du! Bere hitzez, hirian gelditzen diren gudariak eta herritar guztiak adoregabetu besterik ez du egiten. Ez da ari herriaren onerako, kalterako baizik.

5 Sedekias erregeak erantzun zien:—Zeuen esku duzue! Erregeak ez dezake ezer zuen aurka.

6 Orduan, hartu eta Melkias errege-familiako printzearen putzuan sartu zuten Jeremias, sokaz jaitsiz. Putzua kartzelako atarian zegoen eta ez zuen urik, lokatza baizik. Jeremias lokatzetan sarturik gelditu zen.

Profeta libre

7 Ebed-Melek zeritzan errege-jauregiko goi-funtzionario etiopiarrak jakin zuen Jeremias putzura bota zutela. Erregea lege-arazoak erabakitzen Benjaminen atean zegoela,

8 Ebed-Melekek jauregitik berarengana joan eta esan zion:

9 —Errege jauna, gaizki jokatu dute gizon horiek Jeremias profetarekin: putzura bota dute eta goseak hilko da bertan, ez baitago ogirik hirian.

10 Orduan, agindu hau eman zion erregeak Ebed-Melek etiopiarrari:—Joan hiru gizonekin eta atera Jeremias putzutik, hil baino lehen.

11 Ebed-Melek jauregira itzuli zen hiru gizonekin eta, jantzi-biltegitik trapu zaharren puskak harturik, sokaz Jeremiasi putzura jaitsi zizkion,

12 eta esan:—Jarri trapu zahar horiek besapean, sokaren azpitik.Hala egin zuen Jeremiasek,

13 eta, sokatik tiraka, putzutik atera zuten. Kartzelako atarian gelditu zen Jeremias.

Sedekias erregeak berriro profetarekin hitz egin

14 Sedekias erregeak tenpluko hirugarren sarrerara ekarrarazi eta esan zion Jeremias profetari:—Galdera bat egin nahi dizut; ez ezkutatu niri ezer.

15 Jeremiasek Sedekiasi:—Egia esaten badizut, hil egingo nauzu; aholkua ematen badizut, berriz, ez didazu jaramonik egingo.

16 Sedekias erregeak zin egin zion isilka Jeremiasi, esanez:—Ala Jauna, bizia ematen diguna! Ez zaitut hilko, ez eta zu hil nahian dabiltzan horien esku jarriko ere.

17 Orduan, Jeremiasek esan zion:—Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Baldin Babiloniako erregearen gudalburuen menpe jartzea onartzen baduzu, zeu eta etxekoak bizirik aterako zarete, eta hiria ez dute erreko.

18 Baina beraien menpe jartzen ez bazara, hiria babiloniarren esku eroriko da eta erre egingo dute, eta zeu ere ez zara libratuko haien eskuetatik.

19 Erregeak erantzun zion:—Babiloniarren aldera igaro diren judatarren beldur naiz; haien eskuetan eroriz gero, tratu txarra emango baitidate.

20 Jeremiasek erantzun zion:—Ez zaituzte haien esku jarriko. Obeditu Jaunari esan dizudan horretan, eta ongi aterako zaizu dena eta biziko zara.

21 Baina babiloniarren menpe jarri nahi ez baduzu, entzun zer azaldu didan Jaunak:

22 Judako erregearen jauregian gelditu diren emakume guztiak Babiloniako erregearen gudalburuengana eramango dituzte eta hauxe esango dute zutaz:Engainatu egin zaituzteeta gaina hartuzeure adiskide minek;zu lokatzetan sartu,eta berek alde egin!

23 «Zure emazteak eta seme-alabak babiloniarrei emango dizkiete eta zeu ere ez zara libratuko: Babiloniako erregeak preso hartuko zaitu, eta hiria erre egingo du».

24 Orduan, Sedekiasek esan zion Jeremiasi:—Ez beza inork elkarrizketa honen berri jakin; bestela, zureak egin du.

25 Funtzionarioek, zurekin mintzatu naizela jakiten badute, etorri eta gure elkarrizketaren berri galdegingo dizute. «Ez gero ezer ezkutatu guri, bizi nahi baduzu», esango dizute.

26 Zuk erantzun: «Mesede bat eskatzera joan natzaio erregeari: ez nintzala Jonatanen etxera itzularazi, bestela bertan hilko nintzela eta».

27 Joan zitzaizkion, bai, funtzionarioak galdegitera eta erregeak esan bezala erantzun zien Jeremiasek, eta bakean utzi zuten, ez baitzuten egiazko arazoaren berri jakin.

28 Jeremias kartzelako atarian gelditu zen, Jerusalem konkistatu zuten arte.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52