Jeremias 33 EABD

Jaunaren agintzari berriak

1 Jaunak beste mezu hau eman zion Jeremiasi, artean kartzela-atarian atxiloturik zegoela:

2 «Nik, Jaun honek, egin dut lurra eta eratu, sendo iraun dezan. Jauna dut izena.

3 Dei egidazu eta erantzungo dizut, gauza handiak agertuko dizkizut, zure esku ez daudenak eta inoiz ere ezagutu ez dituzunak.

4 Nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, hau diot, eraso-tresnen eta guduaren eraginez orain irauliak dauden Jerusalemgo etxeei eta Judako errege-jauregiei buruz:

5 Babiloniarren kontrako borrokari eusteak etxe-jauregiok giza gorpuz betetzeko baizik ez du balioko. Neuk jo ditut neure haserre-suminean, ez baitut gehiago hiri honen ardurarik hartzen, egin dituen gaiztakeriengatik.

6 «Baina jarraian osasuna emango diot hiriari, zauriak sendatuko dizkiet bertako bizilagunei, eta egiazko bake iraunkorra nola lortu erakutsiko.

7 Judaren eta Israelen zoria aldatuko dut, eta behinolako egoeran ezarriko ditut berriro;

8 nire aurka egin dituzten bekatu guztietatik garbituko ditut eta nire aurka altxatuz egin dizkidaten bidegabekeria guztiak barkatuko dizkiet.

9 Jerusalem pozbide izango da niretzat; munduko nazio guztiek goretsiko naute eta ospetsu aitortuko, hari emango diodan ongizatea ikustean. Harri eta zur geldituko dira Jerusalemi emango dizkiodan ongizate eta bakearengatik».

10 Honela dio Jaunak: «Gizaki eta abererik gabe, eremu bihurtua dagoela diozuen toki honetan, guztiz hondatuak daudela diozuen Judako hiri eta Jerusalemgo kaleetan,

11 berriro entzungo dira poz-alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak, berriro entzungo tenplura gorespen-opariak ekarriz kantatuko duten hau:“Goretsazue Jaun ahalguztiduna,ona baita,haren maitasuna betikoa baita”.«Izan ere, herrialde honen zoria aldatuko dut, lehengo egoerara ekarriko. Nik, Jaunak, esana».

12 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Orain gizaki eta abererik gabe, eremu bihurtua dagoen lurralde honetan, bertako hiri guztietan, ardiak biltzeko artegiak egingo dira berriro.

13 Mendialdeko, Xefela lautadako eta Negeveko hirietan, Benjaminen herrialdean, Jerusalemgo inguruetan eta Judako hirietan ikusiko dira oraindik artzainak ardiak zenbatzen. Nik, Jaunak, esana».

14 Jaunak dio: «Badator Israel herriari eta Juda herriari egin diedan promesa beteko dudan garaia.

15 «Garai hartan,legezko ondorengoaernearaziko diot Davidi:zuzenbidea eta justiziaezarriko ditu herrialdean.

16 Garai hartan,Juda salbatua izango da,Jerusalem seguru biziko.“Jauna gure salbamena”emango diote izen».

17 Honela dio Jaunak: «Ez zaio inoiz ere faltako Davidi Israelgo tronuan eseriko den ondorengorik.

18 Inoiz ere ez zaizkie faltako apaiz eta lebitarrei, egunero nire aurrean erre-opariak eskaini, intsentsua erre eta beste sakrifizioak eskainiko dituzten ondorengoak».

19 Gainera, Jaunak esan zion Jeremiasi:

20 «Hala diot nik, Jaunak: Eguna eta gaua jakineko arauz gerta daitezen eman dudan hitza hautsezina den bezala,

21 neure zerbitzari Davidi emandakoa ere hautsezina da: ez zaio faltako inoiz ere bere tronuan eseriko den ondorengorik. Ez da inoiz hautsiko ere apaiz eta lebitarrei, nire zerbitzariei, emandako hitza.

22 Konta ahala baino ugariago diren zeruko izarrak eta itsas hondarra bezala ugalduko ditut neure zerbitzari Daviden eta neure zerbitzari lebitarren ondorengoak».

23 Jaunak Jeremiasi beste mezu hau eman zion:

24 «Entzun duzu zer esaten ari den jendea? Aukeratu nituen bi familiak, Israel eta Juda, baztertu egin ditudala! Horrela, mespretxatu egiten dute nire herria, ez baitute naziotzat hartzen.

25 Bada, honela diot nik, Jaunak: Ez al nituen nik eguna eta gaua ezarri eta zeru-lurren legeak xedatu?

26 Bada, hori bezain egia da ez ditudala baztertuko Jakoben ondorengoak eta David neure zerbitzaria. Nola ez ditut, bada, horien jatorritik aukeratuko Abraham, Isaak eta Jakoben ondorengoen buruzagiak? Bai, aldatu egingo dut haien zoria, errukitu egin naiz eta».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52