Jeremias 37 EABD

Sedekias erregeak aholkua eskatu Jeremiasi

1 Babiloniako errege Nabukodonosorrek Josiasen seme Sedekias Judako errege ezarri zuen, Joiakimen seme Jekoniasen ordez.

2 Baina ez erregeak, ez funtzionarioek, ez herriko jendeak, inork ez zuen aditu nahi izan Jaunak Jeremias profetaren bidez adierazitako mezua.

3 Sedekias erregeak Xelemiasen seme Jukal eta Maaseias apaizaren seme Sofonias bidali zituen Jeremias profetagana, eskabide honekin: «Otoitz egiozu gure alde Jaunari, gure Jainkoari».

4 Garai hartan Jeremias eragozpenik gabe zebilen herritarren artean, ez baitzuten oraindik preso hartu.

5 Bitartean, faraoiaren gudarostea Egiptotik atera zen. Hori jakitean, Jerusalem inguraturik zeukaten gudari babiloniarrak, erasoari utzirik, urrundu egin ziren hiritik.

6 Orduan, Jaunak Jeremiasi hitz egin zion

7 eta, Judako erregeari Jaunaren, Israelgo Jainkoaren, erantzun hau emateko agindu zion, kontsulta egitera bidalitako mandatarien bidez: «Laguntzera etorri zaizuen faraoiaren gudarostea laster itzuliko da Egiptora.

8 Eta babiloniarrak berriro etorriko dira hiri honi erasotzera; konkistatu eta su emango diote.

9 Nik, Jaunak, diotsuet: Ez engainatu zeuen buruak, babiloniarrek zuen gainetik behin betiko alde egingo dutela pentsatuz, ez baitute alde egingo.

10 Eta erasoka duzuen babiloniarren gudaroste osoa garaituko bazenute ere, aski litzateke zauriz jositako haietako batzuk bizirik gelditzea, kanpalekutik irten eta hiriari su emateko».

Jeremias preso

11 Faraoiaren gudarostea zetorrela eta, babiloniarren gudarosteak Jerusalemdik ihes egin zuenean,

12 Jeremiasek irten egin nahi izan zuen Jerusalemdik Benjaminen herrialdera joateko, beretarrekin herentzi arazo bat garbitzera.

13 Baina Benjaminen atera iritsi zenean, han zegoen Ierias guardiaburua, Xelemiasen seme eta Hananiasen biloba, eta Jeremias profetari alto eman eta esan zion:—Babiloniarrengana igarotzeko asmotan zabiltza zu.

14 Jeremiasek erantzun:—Ez da egia! Nik ez dut horrelako asmorik!Baina ez zion sinetsi eta, preso harturik, funtzionarioengana eraman zuen Jeremias.

15 Haserretu egin ziren hauek Jeremiasen kontra eta, joka erabili ondoren, kartzela bihurtutako Jonatan idazkariaren etxean sartu zuten.

16 Sotoko kalabozora bota zuten eta han egon zen luzaro.

17 Behin batean, Sedekias erregeak jauregira etorrarazi zuen Jeremias, eta honela galdegin zion isilka:—Ba al duzu Jaunaren mezurik?Jeremiasek erantzun zion:—Bai. Babiloniako erregearen eskuetara emango zaituzte.

18 Ondoren, esan zion Jeremiasek:—Zertan huts egin dut zure nahiz zure funtzionarioen edo herriaren kontra, ni kartzelan sartzeko?

19 Non dira orain zuen profetak, Babiloniako erregea zuen eta herrialde honen aurka ez zela etorriko esaten zizutenak?

20 Entzun orain, errege jauna, onartu, arren, nire eskabidea: Ez nazazu eraman berriro Jonatan idazkariaren etxera, bestela han hilko naiz eta.

21 Orduan, Sedekias erregeak Jeremias kartzela-atarian zainpean jartzeko agindu zuen eta egunero opil bat emateko okinen kaletik, hirian ogia ahitu arte. Hala, kartzelako atarian gelditu zen Jeremias.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40 41 42 43 44 45 46 47 48 49 50 51 52