1 Jaunak agindu zion Jeremiasi: «Zoaz eta erosi buztinezko pitxer bat. Eraman zeurekin herri-agintari eta apaiz-kontseiluko batzuk.
2 Irten, gero, Ben-Hinom haranera, Ontzi-pusken ate aurrera, eta aldarrikatu bertan orain emango dizudan mezua.
3 Hauxe esango duzu: Judako errege eta Jerusalemgo bizilagunok, entzun Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezua: Ezbehar izugarria erakarriko dut toki honen kontra; entzun dezaten guztiei durundi egingo diete belarriek.
4 Izan ere, israeldarrek bazterrera utzi naute eta toki honen izaera itxuragabetu: intsentsua erre diete bertan, ez berek, ez beren gurasoek, ez Judako erregeek ezagutzen ez zituzten jainkoei, eta jende errugabearen odolez bete dute.
5 Aldareak eraiki dituzte seme-alabak Baali oparitzat erretzeko. Nik ez dut horrelakorik sekula agindu, ezta aipatu edo burura etorri ere.
6 «Horregatik, hau diot nik, Jaunak: Badator toki honi Tofet eta Ben-Hinom harana deituko ez dioten eguna, Hilketa-harana baizik.