8 Hiri hau hondamen bihurtuko dut eta jendearen iseka-gai. Hemendik igaroko diren guztiak izu-ikaraturik geldituko dira honelako hondamendia ikustean.
9 Beren seme-alaben haragia janaraziko diet eta elkar ere jango dute, hain egoera larrian aurkituko baitira, etsai amorratuek hiria setiatzean.
10 «Hau esan ondoren, apurtu egingo duzu pitxerra zurekin doazen gizonen aurrean,
11 eta esango diezu: Honela dio Jaun ahalguztidunak: Apurtu egingo ditut herri hau eta hiri hau, buztinezko pitxerra bezala; apurtu, gehiago konpontzerik ez duen buztin-ontzia bezala. Tofeten lur eman beharko diete hilei, beste inon tokirik ez eta.
12 Honela, hiria bertako bizilagunekin, Tofet bezala, herio-toki bihurtuko dut. Hala diot nik, Jaunak.
13 Jerusalemgo etxeak eta Judako erregeen jauregiak —hau da, etxe gainetan ortziko astroei intsentsua erretzen eta jainko arrotzei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxe guztiak— kutsatutzat hartuko dira Tofet bezala».
14 Jaunaren aginduz mezu hau aldarrikatu ondoren, Tofetetik itzuli zen Jeremias eta, tenpluko atarian gelditurik, herri osoari esan zion: