15 Ez direla berak bidaliak dio Jaunak, gezurretan ari direla beraren izenean. Bestela, Jaunak berak jaurtiko zaituzte eta galdu egingo zarete zeuek eta horrela hitz egiten dizueten profetak».
16 Apaizei eta herriari ere mezu hau adierazi zien Jeremiasek: «Ez egin jaramonik tenpluko tresnak Babiloniatik berehala itzuliko dituztela esaten dizueten profetei, gezurra esaten baitizuete.
17 Ez egin jaramonik! Jarri Babiloniako erregearen menpe, eta biziko zarete. Zertan bihurtu herri hau hondakin-pila?
18 Benetan profeta badira eta Jaunaren hitza hartu badute, erregutu diezaiotela Jaun ahalguztidunari, Babiloniara eraman ez ditzaten, tenpluan, Judako erregearen jauregian eta Jerusalemen oraindik gelditzen diren tresnak.
19 «Jaun ahalguztidunak badu beste zerbait ere esateko, zutabeei, brontzezko uraskari, orgei eta hiri honetan oraindik gelditzen diren gainerako tresnei buruz:
20 alegia, Nabukodonosor erregeak —Joiakimen seme Jekonias Judako erregea, Judako eta Jerusalemgo handikiekin batera, Babiloniara erbesteratu zuenean— eraman ez zituen tresnei buruz.
21 Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, tenpluan, Judako erregearen jauregian eta Jerusalemen gelditzen diren tresnei buruz: