1 Urte hartan bertan, Sedekiasen erregealdiko laugarren urtean, bosgarren hilean, Hananias profetak, jatorriz Gabaongoa zen Azurren semeak, Jeremiasekin topo egin zuen tenpluan, eta apaizen eta jende guztiaren aurrean esan zion:
2 —Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: «Apurtu egingo dut Babiloniako erregearen uztarria,
3 eta bi urteren buruan itzularazi egingo ditut toki honetara, Nabukodonosor erregeak bertatik hartu eta Babiloniara eraman zituen tenpluko tresnak.
4 Eta Jekonias, Judako errege Joiakimen semea, eta Judatik Babiloniara erbesteraturik joandako guztiak ere itzularazi egingo ditut, zeren apurtu egingo baitut Babiloniako erregearen uztarria. Nik, Jaunak, esana».
5 Jeremias profetak honela erantzun zion Hananias profetari tenpluan bilduta zeuden apaizen eta herriaren aurrean: