9 Profetak bakea iragartzen badu, ordea, hitza betetzean bakarrik jakin daiteke egiaz Jaunak bidalia dela.
10 Orduan, Hananiasek, uztarria Jeremiasen lepotik kendurik, apurtu egin zuen,
11 eta jende guztiaren aurrean esan zuen:—Hau dio Jaunak: «Honelaxe apurtuko dut, bi urteren buruan, Babiloniako errege Nabukodonosorren uztarria, eta nazio guztien lepotik kenduko».Orduan, Jeremias bere bidetik joan zen.
12 Hananiasek Jeremiasen lepoko uztarria apurtu eta alditxo batera, honela mintzatu zitzaion Jauna Jeremiasi:
13 «Zoaz eta esan Hananiasi nire, Jaun honen, mezu hau: Zurezko uztarria apurtu duzu, bai; baina nik, horren ordez, burdinazkoa egingo dut.
14 Beraz, hau diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Burdinazko uztarria ezartzen diet lepoan nazio hauei guztiei, Babiloniako errege Nabukodonosorren menpeko izan daitezen; basapiztiak berak ere haren menpe uzten ditut».
15 Orduan, Jeremias profetak Hananias profetari esan zion:—Entzun orain, Hananias! Ez zara Jaunak bidalia eta gezurrezko konfiantza ematen diozu herri honi.