20 Zuek, behintzat, Jerusalemdik Babiloniara erbesteratu zintuztedanok, entzun adi-adi nire, Jaun honen, hitza.
15 «Jaunak Babilonian profetak sorrarazi dizkizuela esaten baduzue,
21 hara zer dioen Jaun ahalguztidunak bere izenean gezurrezko mezuak iragartzen dizkizueten Kolaiasen seme Akabi eta Maaseiasen seme Sedekiasi buruz: Babiloniako errege Nabukodonosorren esku utziko ditut eta zuen begi aurrean hilko ditu.
22 Horrela, Judatik Babiloniara erbesteratuek, norbait madarikatu nahiko dutenean, honela esango dute: “Erabil zaitzala Jaunak Babiloniako erregeak sutan erre zituen Sedekias eta Akab bezala”.
23 Israelen itsuskeriak egin dituztelako gertatuko zaie hori: lagun hurkoaren emaztearekin adulterio egin eta nik agindu gabeko gezurrezko mezua nire izenean iragarri dutelako. Neuk dakit hori eta neu naiz horren testigu. Nik, Jaunak, esana».
24-25 Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak, mezua zuzendu zion Jeremiasi Nehlamgo Xemaiasentzat. Honek gutun bat bidalia zien Jerusalemen gelditutako jendeari, Maaseiasen seme Sofonias apaizari eta beste apaiz guztiei. Honela idazten zion Sofoniasi:
26 «Jaunak apaiz izendatu zaitu Joiadaren ordez, eta zeu zara orain tenpluko arduradun nagusi. Zeuri dagokizu, bada, ahoberoren bat profetagintzan hasten bada, zepoan eta katez loturik ezartzea.