20 «Hala diot nik, Jaunak: Eguna eta gaua jakineko arauz gerta daitezen eman dudan hitza hautsezina den bezala,
21 neure zerbitzari Davidi emandakoa ere hautsezina da: ez zaio faltako inoiz ere bere tronuan eseriko den ondorengorik. Ez da inoiz hautsiko ere apaiz eta lebitarrei, nire zerbitzariei, emandako hitza.
22 Konta ahala baino ugariago diren zeruko izarrak eta itsas hondarra bezala ugalduko ditut neure zerbitzari Daviden eta neure zerbitzari lebitarren ondorengoak».
23 Jaunak Jeremiasi beste mezu hau eman zion:
24 «Entzun duzu zer esaten ari den jendea? Aukeratu nituen bi familiak, Israel eta Juda, baztertu egin ditudala! Horrela, mespretxatu egiten dute nire herria, ez baitute naziotzat hartzen.
25 Bada, honela diot nik, Jaunak: Ez al nituen nik eguna eta gaua ezarri eta zeru-lurren legeak xedatu?
26 Bada, hori bezain egia da ez ditudala baztertuko Jakoben ondorengoak eta David neure zerbitzaria. Nola ez ditut, bada, horien jatorritik aukeratuko Abraham, Isaak eta Jakoben ondorengoen buruzagiak? Bai, aldatu egingo dut haien zoria, errukitu egin naiz eta».