5 Babiloniarren kontrako borrokari eusteak etxe-jauregiok giza gorpuz betetzeko baizik ez du balioko. Neuk jo ditut neure haserre-suminean, ez baitut gehiago hiri honen ardurarik hartzen, egin dituen gaiztakeriengatik.
6 «Baina jarraian osasuna emango diot hiriari, zauriak sendatuko dizkiet bertako bizilagunei, eta egiazko bake iraunkorra nola lortu erakutsiko.
7 Judaren eta Israelen zoria aldatuko dut, eta behinolako egoeran ezarriko ditut berriro;
8 nire aurka egin dituzten bekatu guztietatik garbituko ditut eta nire aurka altxatuz egin dizkidaten bidegabekeria guztiak barkatuko dizkiet.
9 Jerusalem pozbide izango da niretzat; munduko nazio guztiek goretsiko naute eta ospetsu aitortuko, hari emango diodan ongizatea ikustean. Harri eta zur geldituko dira Jerusalemi emango dizkiodan ongizate eta bakearengatik».
10 Honela dio Jaunak: «Gizaki eta abererik gabe, eremu bihurtua dagoela diozuen toki honetan, guztiz hondatuak daudela diozuen Judako hiri eta Jerusalemgo kaleetan,
11 berriro entzungo dira poz-alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak, berriro entzungo tenplura gorespen-opariak ekarriz kantatuko duten hau:“Goretsazue Jaun ahalguztiduna,ona baita,haren maitasuna betikoa baita”.«Izan ere, herrialde honen zoria aldatuko dut, lehengo egoerara ekarriko. Nik, Jaunak, esana».