11 Baina Babiloniako errege Nabukodonosor gure lurraldean indarrez sartu zenean, Jerusalemera etortzea erabaki genuen, babiloniarren eta aramearren gudarostetik ihesi. Eta une honetan Jerusalemen gaude».
12 Orduan, Jaunak Jeremiasi,
13 beraren mezu hau Judako eta Jerusalemgo jendeari adieraztera joateko agindu zion: «Nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Ez al duzue rekabetarren ikasbidea jaso behar eta nire esanak aditu?
14 Rekaben seme Jonadabek ardorik ez edateko agindu zien bere ondorengoei, eta hauek ez dute gaurdaino edan, beren arbasoaren agindua betez. Nik etengabe hitz egin dizuet, baina zuek jaramonik ez.
15 Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak, esanez: “Utzi zeuen jokabide gaiztoa, zuzendu zeuen egintzak; ez ibili jainko arrotzen ondoren, beraiei kultua emanez; horrela, zeuei eta zuen gurasoei emandako lurraldean biziko zarete”. Baina ez didazue aditu, ezta jaramonik egin ere.
16 Jonadaben ondorengoek, bai, betetzen dute beren arbasoak emandako agindua; herri honek, berriz, ez dit jaramonik egiten.
17 Horregatik, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Iragarriak ditudan zoritxar guztiak bidaliko ditut Judako eta Jerusalemgo bizilagunon gainera, hitz egindakoan aditu ez eta dei egindakoan erantzun ez didazuelako».