3 Beharbada, jabetuko da Juda herria beraren aurka prestaturik daukadan zoritxar handiaz eta itzuliko bere jokabide gaiztotik. Eta beren gaiztakeria eta bekatuak barkatuko dizkiet».
4 Orduan, Jeremiasek Neriasen seme Baruki deitu zion, eta honek Jaunaren mezu guztiak idatzi zituen Jeremiasen esanera.
5 Gero, honela agindu zion Jeremiasek Baruki: «Begira, ni ez naiteke joan Jaunaren etxera, debekatu egin baitidate.
6 Zoaz zeu hurrengo barau-egunean eta irakurri tenpluan, herriaren aurrean, nik esanik erroiluan idatzi duzun Jaunaren mezua; irakurri Judako hirietatik etorriko diren guztiei ere.
7 Ea Jaunari erregutzen dioten eta itzultzen diren beren jokabide gaiztotik, handia baita herri honen aurka Jaunak agertu duen haserre-sumina».
8 Neriasen seme Barukek Jeremias profetak agindutako guztia egin zuen: tenplura joan eta Jaunaren mezua irakurri zuen liburutik.
9 Josiasen seme Joiakim Judako erregearen bosgarren urtean, bederatzigarren hilean, barau-eguna aldarrikatu zuten Jaunaren ohorez, eta Jerusalemen bildu ziren bertako jendea eta Judako hirietatik etorriak.