14 Sedekias erregeak tenpluko hirugarren sarrerara ekarrarazi eta esan zion Jeremias profetari:—Galdera bat egin nahi dizut; ez ezkutatu niri ezer.
15 Jeremiasek Sedekiasi:—Egia esaten badizut, hil egingo nauzu; aholkua ematen badizut, berriz, ez didazu jaramonik egingo.
16 Sedekias erregeak zin egin zion isilka Jeremiasi, esanez:—Ala Jauna, bizia ematen diguna! Ez zaitut hilko, ez eta zu hil nahian dabiltzan horien esku jarriko ere.
17 Orduan, Jeremiasek esan zion:—Hau dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Baldin Babiloniako erregearen gudalburuen menpe jartzea onartzen baduzu, zeu eta etxekoak bizirik aterako zarete, eta hiria ez dute erreko.
18 Baina beraien menpe jartzen ez bazara, hiria babiloniarren esku eroriko da eta erre egingo dute, eta zeu ere ez zara libratuko haien eskuetatik.
19 Erregeak erantzun zion:—Babiloniarren aldera igaro diren judatarren beldur naiz; haien eskuetan eroriz gero, tratu txarra emango baitidate.
20 Jeremiasek erantzun zion:—Ez zaituzte haien esku jarriko. Obeditu Jaunari esan dizudan horretan, eta ongi aterako zaizu dena eta biziko zara.