3 Hiria Babiloniako erregearen eskuetan eroriko da erremediorik gabe, eta konkistatu egingo du. Nik, Jaunak, esana».
4 Ministroek esan zioten erregeari:—Gizon honek bizia zor du! Bere hitzez, hirian gelditzen diren gudariak eta herritar guztiak adoregabetu besterik ez du egiten. Ez da ari herriaren onerako, kalterako baizik.
5 Sedekias erregeak erantzun zien:—Zeuen esku duzue! Erregeak ez dezake ezer zuen aurka.
6 Orduan, hartu eta Melkias errege-familiako printzearen putzuan sartu zuten Jeremias, sokaz jaitsiz. Putzua kartzelako atarian zegoen eta ez zuen urik, lokatza baizik. Jeremias lokatzetan sarturik gelditu zen.
7 Ebed-Melek zeritzan errege-jauregiko goi-funtzionario etiopiarrak jakin zuen Jeremias putzura bota zutela. Erregea lege-arazoak erabakitzen Benjaminen atean zegoela,
8 Ebed-Melekek jauregitik berarengana joan eta esan zion:
9 —Errege jauna, gaizki jokatu dute gizon horiek Jeremias profetarekin: putzura bota dute eta goseak hilko da bertan, ez baitago ogirik hirian.