1 Jaunak berriro hitz egin zion Jeremiasi. Raman zegoela izan zen, Nebuzaradan errege-guardiaburuak askatu eta bere ardurapean hartu ondoren. Jeremias katez lotua zegoen Raman, Juda eta Jerusalemdik Babiloniara gatibu zeramatzaten guztiekin batera.
2 Guardiaburuak aparte hartu eta esan zion Jeremiasi: «Jaunak, zuen Jainkoak, iragarri zuen zoritxar hau herrialde honen kontra.
3 Jaunak bete eta burutu egin du berak iragarria. Jaunaren aurka bekatu egin eta obeditu ez diozuelako gertatu zaizue guztia.
4 Halere, zuri oraintxe bertan kenduko dizkizut eskuetako kateak. Nirekin Babiloniara etorri nahi baduzu, etorri; neu arduratuko naiz zutaz; etorri nahi ez baduzu, berriz, gelditu. Herrialde guztia duzu zeure esku; zoaz nahi duzun tokira.
5 Nirekin gelditu nahi ez baduzu, zoaz Ahikamen seme eta Xafanen biloba Gedaliasengana. Bera ezarri du Babiloniako erregeak Judako hirietako gobernari. Zaude berarekin zeure herritarren artean. Dena den, nahi duzun tokira joan zaitezke». Ondoren, biderakoak eta esku-erakutsiak eman eta joaten utzi zion guardiaburuak.
6 Jeremias Mitzpara joan zen Ahikamen seme Gedaliasengana, eta beronekin bizi izan zen, herrialdean gelditzen ziren bere herritarren artean.