6 Jeremias Mitzpara joan zen Ahikamen seme Gedaliasengana, eta beronekin bizi izan zen, herrialdean gelditzen ziren bere herritarren artean.
7 Artean zenbait gudalburu judatar landetan sakabanaturik zebilen bere gudariekin. Jakin zuten Ahikamen seme Gedalias herrialdeko gobernari ezarri zuela Babiloniako erregeak eta beronen ardurapean jarri zituela gizon-emakumeak eta haurrak, Babiloniara eraman ez zuen herriko jende xehea.
8 Orduan, beren gizonekin Gedaliasengana joan ziren Mitzpara. Hauek ziren gudalburuak: Netaniasen seme Ismael, Kareahen seme Johanan eta Jonatan, Tanhumeten seme Seraias, Netofako Ofairen semeak eta Maakako Jezanias.
9 Gedaliasek zin-hitz hau egin zien: «Ez izan babiloniarrak zerbitzatzeko beldur. Gelditu herrialdean. Izan Babiloniako erregearen menpeko eta ongi joango zaizue.
10 Nik Mitzpan gelditu beharra dut, guregana datozen babiloniarren zerbitzurako. Zuek, bildu ardoa, fruituak eta olioa, sartu ontzi eta biltegietan, eta bizi eskura ditzakezuen hirietan».
11 Jakin zuten Moab, Amon, Edom eta beste herrialdeetara ihesi joanak ziren judatarrek ere, Babiloniako erregeak judatar batzuk beren herrialdean utzi zituela, eta Gedalias, Ahikamen seme eta Xafanen biloba, ezarri zuela gobernari.
12 Hala, beraiek ere, banaturik zeuden alde guztietatik etorri eta Gedaliasengana joan ziren Mitzpara.Mahats- eta fruitu-uzta handia bildu zuten.