11 Ez izan horrenbesteko ikara ematen dizuen Babiloniako erregearen beldur; ez izan beldur, zuekin bainago ni zuek salbatzeko, haren eskuetatik onik ateratzeko.
12 Barru gupidatsua emango diot eta errukitu egingo zaizue, eta zeuen herrialdean bizitzen utziko”.
13-14 «Baina esaten baduzue: “Ez, Egiptora goaz, han ez dugu gerrarik ikusiko, ez turuta-hotsik entzungo, ez goserik izango; Egipton bizi nahi dugu”, horrela Jaunari entzungor eginez, eta herrialde honetan gelditu nahi ez baduzue,
15 orduan, entzun Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, Judan bizirik geldituoi esaten dizuena: “Baldin Egiptora bizitzera joateko erabakian tematzen bazarete,
16 Egipton harrapatu eta joko zaituztete horrenbesteko beldur-larria diozuen gerrak eta goseak, eta hantxe hilko zarete.
17 Egiptora bizitzera joaten lehiatzen diren guztiak han hilko dira gerraz, goseak eta izurriz; ez da inor ere bizirik geldituko, bidaliko diedan zorigaitzak jotzean”.
18 «Bai, honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: “Nola isuri ziren nire haserre-suminak Jerusalemen bizi zirenen aurka, hala isuriko dira zuen aurka ere, Egiptora joaten bazarete. Zori beldurgarria izango da zuena: madarikazioa, gaitzespena eta lotsa gorria. Eta ez duzue gehiago aberria ikusiko”.