1 Mezu hau eman zion Jaunak Jeremiasi, Egipton —Migdol, Tafnes eta Menfis hirietan eta Patros eskualdean— bizitzen jarri ziren judatarrentzat:
2 «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Ikusiak dituzue Jerusalemen eta Judako hirien aurka bidali ditudan zorigaitzak: hondaturik eta bizilagunik gabe daude.
3 Egin dituzten gaiztakeriengatik gertatu zaie hori: iraindu egin naute, ez zuek, ez zuen gurasoek, ez beraiek ezagutzen ez zenituzten jainkoei intsentsua errez eta kultua emanez.
4 Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak esanez: “Ez egin horrelako egintza higuingarririk, gorroto baititut”.